Emakumeen Endesa Ligak bosgarren jardunaldia beteko du asteburu honetan. IDK Euskotrenek igande arratsaldean Zaragozara bisita egin behar duen bitartean, zapatuan jokatuko dute hala Kutxabank Araskik nola Lointek Gernika Bizkaiak. Cadi La Seu liderra eta Valentzia Basket izango dira euskal taldeen larunbateko arerioak, hurrenez hurren.
Kronologikoki aurreneko postuan eta etxean jokatzen duen bakarra Kutxabank Araski da. Gasteizko taldeak 18.30etan Cadi La Seu liderra hartuko du Mendizorrotzan; ez da arerio txarra pabilipia %100ean betetzeko baimenari estreinaldia emateko.
Azken hiru jardunaldiak irabazi ditu talde arabarrak eta bolada onean dator. Azken egunean 75-80 irabazi zion Leganes igo berriari eta Katarina Zec hegalekoak jardunaldiko MVP saria eskuratu zuen, madrildarren aurka 29 puntu eta 32ko balorazioa lortu ostean.
Alabaina, Made Urietarenek orain arte partidarik galdu gabe datorren aurkaria izango du aurrez aurre. Georgina Bahi Ensinora kapitaina joan zitzaion eta Yurena Diaz IDK Euskotrenera talde katalanari, eta ez dute kalterako antzeman; izan ere, Irati Etxarri hegal-pibot nafarrak sekulako aurrera pausoa eman du denboraldiaren aurreneko zati honetan. Batez beste 18,25 puntu sartu ditu aurreneko lau jardunaldiotan eta 9 errebote eskuratu, eta zalantzarik gabe, talde katalanaren erreferentzia nagusia da.
«Taldeko liderra izatea ez dut nik aukeratu, nire taldekideek eman didate konfidantza hori», azpimarratu du jokalari iruindarrak asteon NAIZentzat eginiko elkarrizketan.
Araskin egin zuen debuta Etxarrik gorengo mailan, nahiz eta jokalari nafarrak artean 17 urte baino ez zituen. «Iratiri eskarmentua bakarrik falta zaio», adierazi zuen jokalariaren aurkezpenean Made Urieta entrenatzaileak. «Jokatzeko orduan ‘aurpegi latza’ beti izan dut, baina orain orduan falta zitzaidan eskarmentua ere badaukat», adierazi zuen Etxarrik aipatu elkarrizketan, baita ere zenbait aspektutan, urruneko jaurtiketan esaterako, hobetzeko uda aldean egindako lanari buruz ere.
«Araskin ezagutu genuen Irati hura bera nahiz, baina eskarmentu handiagoa daukat eta pausu bat harago joan nahi nuke. Hargatik, beti galdetzen diot nire buruari ea orain arte egin dudana nahikoa ote den. Eta erantzuna ezezkoa bada, zer eta nola egin dezakedan ikusten hasten naiz ahalik eta jokalaririk onena izateko», gaineratzen zuen Etxarrik.
Hegal-pibot nafarraz gain, Laia Raventos eta Laura Peña antolatzaileak, Mykaila Pivec eta Jewel Tunstull hegaleko estatubatuarrak aintzat hartu beharko dituzte.
Horrez gain, argi ibili beharko dute arabarrek tarteka izaten dituzten puntu gabeziekin. Leganesen kontra ez zuten puntu faltarik izan Katarina Zec bikain aritu zelako, baina orain arteko gainontzeko neurketetan beti sufritu izan dute laurdenen baten puntuak pilatzeko.
Boloniatik Valentziara
Etxetik pasa gabe, Lointek Gernika Bizkaiak Boloniatik Valentziara bidaiatu du, ostegun gauean Virtusi ezustean 60-65 irabazi ostean. Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariek 20.45etan jokatuko dute Superkopako egungo txapeldunaren etxean.
Valentzia Basketek ere Eurocupeko partida jokatu zuen ostegun gauean Belgikan, eta uste baino gehiago kosta zitzaion Kangoeroes Basket taldeari 59-67 irabaztea. Aurreneko 20 minutuetan aurretik joan arren, hirugarren laurden eskasa egin zuten espainiarrek eta azken hamar minutuetara 49-43 galtzen iritsi ziren. Hala ere, defentsa zorroztu zuten eta Rebeca Allen eta Angela Salvadoresen eskutik azken laurdenean, 10-24ko partziala erdietsita, buelta eman zioten markagailuari.
Biztan denez, bizkaitarrek esfortzu handia egin behar izan bazuten ere Bolonian garaipena eskuratzeko, bere aurkariak ere nolabaiteko nekea eramango du bizkarrean. Dena den, hartuko luke Mario Lopezek Valentzia Basketek egun duen errotazio zabal hori guztia. Meskonyte eta Bjorklund gabe, Belen Arrojok 40 minutuak oso osorik jokatu behar izan zituen Cecilia Zandalasini izarra nolabait geratzeko, eta Granadakoak lan bikaina egin bazuen ere, zapatu gauera begira, nekea pilatuko zaio hegalekoari zangoetan. «Taldekideak falta direlarik, gure %200a eman beharko dugu», esan zuen gernikarren kapitainak Boloniara abiatu bezperan, baina hain esfortzu handiak halako denbora tartean txikian garesti ordaindu ohi dira.
Dena dela, konfidantza izan behar du Lointek Gernika Bizkaiak bere aukeretan. Defentsa lan aparta egin zuen ostegun gauean eta halakorik errepikatuz gero, izango du Valentzian ere irabazteko aukera. Gainera, kasualitatea izan zein ez, Fontetan behin baino gehiagotan irabazi du talde bizkaitarrak, nahiz eta egia den azken bi denboraldietan talde espainiarrak sekulako gorakada egin duen.