Arnaitz Gorriti

Delaere IDK Euskotreneko jokalari ohiak saihestu du donostiarren garaipena Zaragozan

Atsedenaldira aurretik iritsi dira gipuzkoarrak eta azkenengo laurdenera arte markagailua parean eutsi dute. Hala ere, Hemperen 18 puntuek eta Delaerek pilatu dituen 16 puntu eta 6 asistentziek Azu Muguruzaren taldea gainditu dute. IDK Euskotrenek jaurtiketa libreetan ere akats larregi egin ditu.

IDK Euskotren gero eta hobeto ari da jokatzen, baina emaitza onegirik gabe oraindik. (Monika DEL VALLE / FOKU)
IDK Euskotren gero eta hobeto ari da jokatzen, baina emaitza onegirik gabe oraindik. (Monika DEL VALLE / FOKU)

BASKET ZARAGOZA 76  - IDK EUSKOTREN 69

Norbere taldeko jokalari ohi batek, batez ere aurrenekoz elkar ikusten dutenean, dituenak eta bi ematen ditu. Hala gertatu da igande honetan Basket Zaragoza eta IDK Euskotrenen artean. Lara Gonzalez eta antonia Delaere aurtendgo udara arte Donostian ari ziren jokatzen baina Aragoi aldera jauzia eman dute. Antolatzaile donostiarrak txukun jokatu du, saskira bota duen bi aldietan asmatuz eta defentsan lan egokia eginez. Delaere, berriz, giltzarri izan da Azu Muguruzarenak garaipenik gabe uzteko: 16 puntu, 6 asistentzia eta ohosturiko bi baloi lortu ditu belgiarrak. Merrit Hempe eta anna Cruzekin batera, berak saihestu du gipuzkoarren garaipena.

Oso ongi jokatu dute donostiarrek, baina esku hutsik itzuli behar izan dute etxera. Atsedenaldira 37-43 aurretik iritsi dira, kanpotik zein barrutik min handia emanez Basket Zaragozari. Coulibaly nagusi izan da uztaipean, eta Cvitkovic eta Joy Adamsekin batera, erreboteak donostiarren eskuetan utzi dituzte. Horrez gain, Yurena Diazek hirukoen bidea ere erakutsi dio talde donostiarrari.

Cvitkovic, Harden, Maria España eta Coulibaly 11 puntu edo gehiago saskiratzeko gai izan dira eta horri esker aurreneko erdian abantaila hartzeaz gain, gerorako ere lehiakortasun eskerga eman dio talde donostiarrari. Alabaina, Hempe, Cruz eta Delaerek ez diete laga gipuzkoarrei markagailuan hanka egiten, eta minutuek aurrera egin ahala, estutu egin dute emaitza. Atsedenaldira neurketa 37-43 iritsi baldin bada, hirugarren laurdenaren amaierarako 51-52 zegoen emaitza.

Azken laurdenean, berriz, jaurtiketa libreak izan dira gako. Zaragozak bost jaurtiketa libre hutsegin ditu, baina 18 ahaleginen ostean; IDK Euskotrenek lau baino ez, baina zazpi jaurtiketatik. Hori gutxi balitz, basket Zaragozak baloia askoz azkarrago eta egokiago mugitu du azken minutuetan, eta handik joan zaizkio aukerak. Delaere, Anna Cruz eta Vega Gimenoren artean 16 asistentzia banatu dituzte eta hantxe joan dira donostiarren aukerak.

Hala, bost jardunaldi jokatuta, garaipen bakarrarekin daude Azu Muguruzarenak. Hurrengo aurkaria Ferrolgo taldea izango da, Josean Gascara datorren larunbatean 18.00etan pasako dena. Irabazi beharreko partida inondik ere, nahiz eta talde galiziarrak dagoeneko bi garaipen pilatu dituen.