NAIZ

Koronobirus garaian jarritako terrazak kentzea eskatu diote Donostiako Udalari

Koronabirusaren eraginari aurre egin ahal izateko Donostiako Alde Zaharrean jarri ziren behinbehineko terrazak kentzea eskatu dio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.

Donostiako Bulebarreko terraza bateko aulkiak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostiako Bulebarreko terraza bateko aulkiak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Koronabirusaren eragina tabernetan arintzeko helburuarekin Donostiako Alde Zaharrean jarri ziren behinbehineko terrazak kentzeko eskatu dio Udalari Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.

Talde honek gogoratzen duenez, terraza berezia hauek soilk «premiazko neurriek behar-beharrezkoa den denborarako bakarrik jarraituko zutela indarrean» adierazi zuen Donostiako Udal Gobernuak.

Orain berriz, Estatu mailan alarma-egoera bertan behera gelditu da eta EAEko larrialdi-egoeratik eratorritako murrizketak amaitutzat eman dira.

Donostiako Udalari zuzendutako idazkian Udalari 2020ko abenduaren 4an Alkatetzaren dekretu baten bidez terrazei onartzen zieten salbuespenak bertan behera gelditu behar direla gogorarazten dira.

Gauzak horrela ohiko araudiak ezartzen dituen mugak ezarri beharko lirateke berriz. Hau da, ezin dira terrazak jarri trafikoko bideen beste aldean eta ezta ere ongi ikusten ez diren tokietan. Ibilgailuak aparkatzeko eremuetan ere ezin da terrazarik jarri ohiko araudiaren arabera.

«Beraz, udal-ordenantzak etenda jarrai dezan justifikaziorik izan gabe, ostalaritzako terrazak aurreko dimentsioetara itzultzea, eta, hala, galdutako espazio publikoak berreskuratzea, bide publikoa hiriaren egitura orokor eta organikoaren zati baita, eta haren funtzio nagusia da ibaiertzetako erabileretarako sarbidea ematea», nabarmentzen du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.