AFP

Pandemiaren ondorioz nekatuta dauden langileek grebak abiatu dituzte AEBn

Pandemian zehar ordu luzez lan egin ondoren leher eginda dauden milaka erizain, lantegietako langile eta beste hainbat langile grebak hasi edo hastekoak dira Estatu Batuetan. Jasandako egoerak gain hartu diela esaten dute.

Kellogg's-eko langileak greban. (Rey DEL RIO / AFP)
Kellogg's-eko langileak greban. (Rey DEL RIO / AFP)

Arreta medikuan aritzen den Kaiser Permanente taldeko 31.000 langile prest daude greba hasteko. John Deere nekazaritzako makineria egiten duen konpainiako 10.000 langile greban daude ostegunetik, eta Kellog's zereal konpainian 1.400 pertsonek lan egiteari utzi zioten urriaren 5ean. Horietaz gain, Buffaloko (New York) Mercy Ospitaleko 2.000 langilek baino gehiagok greba hasi zuten urriaren 1ean.

Hollywooden industria zinematografikoa gelditzearekin mehatxatzen zuen lanuztea saihestu dute azken unean, enplegatu teknikoen lan-baldintzei buruzko akordio bati esker. Baina akordio horretatik haratago, hilabete honetako bat-bateko lan-gatazka boladak «striketober» (greba eta urria hitzen arteko batura) izena hartu du.

Langileek argudiatu dute pandemian zehar zama gehiago jasan behar izan zutela etxean geratzen zirenen lana konpentsatzeko. «Gure familiekin igarotzeko denbora sakrifikatu genuen, gure seme-alabekin pilota jokoak galdu genituen eta afariak eta ezkontzak ere bai, zereal kaxak apaletan egon zitezen», adierazi du Dan Osborn Kellogg'seko langileak. «Eta horrela ordaintzen digute? kontzesioak egin ditzagun eskatuz, zuzendari nagusiak eta exekutiboek euren konpentsazioetan igoerak jasotzen dituztenean».

Okinen, gozogileen, tabako-langileen eta grano-errotarien sindikatuak esan du bi mailako ordainketa-sistemaren aurka dagoela, langile berriek gainerakoek baino askoz gutxiago irabazten baitute. Soldata igoerarik ez dutela eskatzen ziurtatzen dute, baina aldi berean langile batzuek lan berdina egiteagatik gutxiago irabaztearen aurka daudela.

Arrakasta kutsakorra

Greba gehienak lan-baldintza hobeak eskatzeagatik egiten ari dira, esan zuen Kate Bronfenbrenner Cornelleko Unibertsitateko (New York) sindikatu eta lan gaietan adituak. «Enpresak inoiz baino irabazi gehiago lortzen ari dira, eta langileak inoiz baino gogorrago lan egiteko presioa jasotzen ari dira, batzuetan covid-aren testuinguruan lan egiteko euren bizitzak arriskuan jarriz», esan du. Horregatik, nagusiek konpromisorik hartu nahi ez dutenean, «langileak ez daude prest beren beharrak asetzen ez dituztela sentitzen duten kontratuak berresteko», gaineratu du.

Zaila da jakitea zenbat greba egiten ari diren; izan ere, gobernuak 1.000 langile baino gehiagori eragiten dietenei bakarrik egiten die jarraipena. «Zenbat eta greba gehiago egin, orduan eta greba gehiago egiten dituzte, zeren langileek uste dute zerbait irabaz dezaketela, eta prest daude soldatarik ez jasotzeko, lana galtzeko arriskatzeko», nabarmendu du Josh Murray Vanderbilt Unibertsitateko soziologia irakasleak.

Kellogg 's-eko grebaren ostean, Frito-Lay bokata fabrikako 600 langilek euren pausoak jarraitu zituzten. 19 egunen ostean, egun libre gehiago eta soldata-igoera lortu zituzten. Mondelez International snack fabrikako 1.000 langilek egindako bost asteko greba enpresak bi mailako ordainketa bertan behera utzi zuenean amaitu zen.

Langile askorentzat pandemia ahalduntzeko unea izan da. Langile batzuk hasi ziren ikusten funtsezkoak zirela eta beraiek lan egin gabe ekonomia itzali egiten dela. Azken urteotan, antzeko interesak dituzten mugimendu sozialei etekina atera diete sindikatuek, Arizonako hotel bateko langileen sindikatua etorkin-taldeekin aliatu zenean bezala.

Dinamika honek ekonomialariek eta soziologoek denboran zehar ikusi duten zerbait islatzen du, Murrayk esan duenez: «Lan-merkatua zenbat eta estuagoa izan, eskulana boteretsuagoa da, orduan eta aukera gehiago dago grebak egiteko».