Urte eta erdi geroago, Euskal Herriko Kluben Nazionalak larunbat honetan – Urriak 23 – ekingo dio berriz ere lehiaketari, pandemiak geldiaraztera behartu zuen puntuan, hain zuzen ere. Hainbeste denbora igaro ondoren, amore ematea izango zen errazena, baina Pilotabizik klub parte-hartzaileekin eta pilotazaleekin oro har hartutako konpromisoa bete asmoz, antolakundeak hasitakoa amaituko du, nahiz eta zailtasunak kontaezinak izan.
Inor gutxik pentsatuko zuen 2020ko martxoaren 7 urrun hartan, antolatzaileek finalerdia atzeratuko zela iragarri zutenean, data berri hori ez zela larunbat honetara arte iritsiko. Baina itxaronaldi luze horren ondoren, Ultzamako Buruzgain klubak eta Lemoa bizkaitarrak finalerdia jokatuko dute asteburu honetan, 11.00etatik aurrera, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finalaurreko honek finalerako bigarren txartela emango du, izan ere, Irurtzunek, konfinamenduaren aurretik jokatu ahal izan zen finalerdian Iruñeko Oberena kanporatuta, azaroaren 7an Zumarragan bertan jokatuko den finalerako txartela ziurtatuta baitauka.
Finalerdi honi begira, bi klubek maila handiko taldeak aurkezteko gaia dute eta, beraz, kalitatezko partidak aurreikusten dira. Buruzgainek Unai Astiz, Andoni Gaskue, Joseba Sarasa, Aingeru De la Fuente, Iriarte edo Otxandorena bezalako pilotariak ditu bere lerroetan. Antolakuntzari aurreratu dioten behin-behineko taldean, lau eta Unai Astiz, kantxa osorako Andoni Gaskue eta De la Fuente-Sarasa binakakorako kantxaratzea aurreikusten du. Oso talde gaztea, bataz beste 22 urte dituena eta proiekzio handiko pilotariekin osatua.
Fidelasuna
Parean, Lemoa, Kluben arteko Nazionalaren Vl edizio honetako ezusteko handienarekin egingo dute topo. Klub honen ezaugarri nagusia eta, aldi berean, bere indargunerik handiena, bere pilotarien parte-hartze sentimendua da. Eta baita bere jarraitzaileena ere; Belokiko harmailetan egoteko autobusa antolatu dute eta berotasunik eta babesik ez zaie faltako.
Etxebarria lau t'erdikorako, Aurrekoetxea kantxa osoko lehiarako eta Ander Elezkano-Arresek osatutako bikotea dira antolakuntzari erraztutako behin-behineko taldea. Multzo oso indartsua da, zenbait beterano oinarri eta zutabe dituena.