Kanpaina berria abiatu du Errigorak, ‘Herriak egiten du herria’. Eta ez nolanahi. Euskal Herriko txoko askotako jendea batuta, auzolan erraldoia antolatu du goizean Ablitasen, gaurtik hasita azaroaren 11 bitarte haien webgunearen bitartez eskatu daitezkeen 4.000 kutxa osatuz.Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira, 55, 65 eta 75 euroko prezioan, hurrenez hurren, eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Izan ere, hori da aurtengo kanpainaren mezua. «Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. 2013tik 1,4 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera». Bide horretan, elikadura burujabetza ere bada oinarri.
Eta auzolanaren balio hori nabarmendu nahi izan dute ekimenaren bultzatzaileek gaur. «Herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu».
Jendea bildu
Nafarroa hegoalde eta erdialdeko —alegia, erromatarrek Ager Vasconum bezala deitutako zonalde hori— produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. 25 ekoizlek hartu dute parte. Eskariak Errigoraren webgunearen bidez edo kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.
Kanpaina hau Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak eta kanpainak uzten duen diru ekarpenaren zati handiena Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko zaie.
«Azken urte eta erdian izan ditugun neurri murriztaileak atzean geratzen ari direla dirudien honetan, apustu berezia egin dugu ekimenen bidez jendea bildu eta, berriz ere herrilana irudikatzeaz gain». Eta, bide horretan, beste ekimen ugari ere sustatuko dira. «Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretu eta, proiektu komun baten baitan bilduta, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du xede Agerraldiak». Eta agenda zabal bat osatu dute: gaur bertan Tuteran 3.000 lagunentzako antolatu dituzten kontzertuetatik abiatuta, azaroaren 8an Ene Kantakekin batera Tafallan duten hitzordua, bertan aurkeztuko dituzten 20 ludoteka inguru, 12 ekoizle-etxeetan euskara plana sustatu, baita Parlamentura ekimen guzti hauek eramatea. Guztira Ager eremuko 50 herritik gora izango dira datozen hilabeteetan ekimenen bat edo beste antolatuko dutenak.
Era berean, aurreko urtean martxan jarritako ekimenak ere hedatu egingo dira, kale izendapenak euskaratzearena kasu. Viana izan zen lehena eta ikasturte berri honetan San Martin Unx, Uxue, Mendabia, Lodosa eta Sartaguda batuko dira.
Ikastolak eta AEK ere ekimen bana antolatzen ari dira, haien komunitateetan eragin asmoz. Oarsoaldeko ikastoletan azaroaren 2an langile eta gurasoak batu nahi dituzte, lehen eskutik Lodosako eta Tuterako ikastolen bizipenak ezagutu ditzaten. Era berean, AEK-k Gipuzkoako eta Erriberako ikasleen arteko topaketa egin asmo du, azaroaren 6an Allon, Errigorako kide den Biosasun olio-errotan. Eta Sortzenek Iruñeko eta Caparrosoko D ereduko hainbat familia batuko ditu azaroaren 7an, Caparroson. Izan ere, Ager eremutik haratago, Euskal Herriko hamaika txokotako beste 30 bat eragilek ere hartuko dute parte euskal hizkuntzari eman nahi zaion bultzada berri honetan.
2022ko irailean, era berean, topaketa batzuk antolatuko dituzte, «jende elkartu, animatu eta zonalde ikuspegitik euskararen normalizazioa» bultzatzeko. Finean, etorkizunean nola gorpuztu zehaztu.