NAIZ

Martijn Winkler zuzendariak irabazi du Seriesland lehiaketako Showrunner saria

‘Casa de Ma’ lanak irabazi du Euskal Sailik Onenaren Laboral Kutxa saria, eta ‘La Cueva de Gabo Brown’ lanak euskal edukirik originalenarengatik.

Martijn Winkler Showrunner saria jasotzen. (Seriesland)
Martijn Winkler Showrunner saria jasotzen. (Seriesland)

Seriesland, Bilbon egiten den Nazioarteko Websailen VII. Jaialdiak jakinarazi du nor diren sarien irabazleak bere zerrendako 30etik gora kategoriatan. Herbehereetako Martijn Winkler zuzendariak irabazi du Epaimahaiaren Sari Handia showrunner gisa, hau da, egile eta produktore figurarena, websailetan sorkuntza erantzukizunik handiena duenarena.

Martijn Winkler ‘Hitte’ (Beroa) lanarekin lehiatu da Sail Ofizialean; suspentsea duen obra da, eta klima aldaketaren arazoan oinarrituta dago. Pertsonaia batzuen gorabeherak ageri dira bero olatu zakar batek jotako auzo batean. Epaimahaiaren hitzetan, apustu handia egin zen garai haietan, eta ez arriskatzera, gure aurreko istorioetan seguru geratzera eta munduko pandemiaren aurrean egonkortzeko zain egotera gonbidatzen zuten.

Idazlea, zuzendaria eta sortzaile digitala, Winkler, 43 urteko zinemagilea da, Herbehereetan eta AEBetan ikasi duena. Ia hogei urteko ibilbidea darama film laburrak, websailak eta telebistako sailak, dokumentalak eta film luzeak sortzen, horietako batzuk nazioarteko lehiaketetan sarituak. ‘Hitte’ 2020ko ekoizpen bat da, denboraldi bakarrekoa eta 12 atalez osatua.

Sail Ofizialean parte hartu duten beste websailen artean, aipatzekoa da Kanadako ‘Félix, Maude et la fin du monde’ lanari sailik onenagatik eman dioten saria, eta Nikita Tamarov errusiar zuzendariari eman diotena ‘Married live scenes’ lanagatik. Fyodor Lavrovek, berriz, gizon aktorerik onenarena eman diote ‘Youtube Policemen’ lanean egin duen interpretazioagatik, eta Sofia Banzhafi eman diote emakume aktorerik onenarena, ‘The Communist’s Daughter’ lanean protagonista moduan egin duen lanagatik.

Zinemagintzan herrialde ezezaguna izanagatik, Kazakhstango ‘Night Witches’ lanak irabazi du zinematografia onenarena, eta Suitzako ‘Metta da fein’ lanak, berriz, gidoirik onenarena. Errusiako batek jaso du epaimahaiaren aipamen berezia, ‘Chicks’ lanak, hain zuzen.

Euskal Herrian eginak

Tokiko sortzaileek ere arreta berezia izaten dute sariketa honetan, eta oraingoan ‘Casa de Ma’ lanari eman diote epaimahaikoek Laboral Kutxa Saria, thriller tragikomiko bat Andrea Menesesek zuzendua.

Euskal edukirik originalenaren saria Gabo Brownentzat izan da, kontrabaxularia bera Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta Youtubeko esperimentu bitxi baten egilea baxu elektrikoaren inguruan. Euskal ekoizpena duten lanetatik, aipatutako bi horiek eta ‘Zikings’ eta ‘300’ hautatu dituzte websailen nazioarteko zortzi jaialditan parte hartzeko, Alemanian, Italian, Errusian, AEBetan, Brasilen eta Korean.

Ez-fikziozkoen sailean, berriz, dokumentalik onenaren saria eman diote Australiako ‘There is no I in Island’ obrari. Eta Amets sailak, ekoizpenik originalenak eta sormen handikoenak saritzen dituenak, herrialde bereko lan bat baino gehiago aitortu ditu: ‘Hit the ground running’, sail independenterik onena; eta Sally McLean, sortzaile independenterik onena, ‘Shakespeare Republic’ lanarengatik.

Steve Becker iparramerikarrak eraman du zuzendari independenterik onenaren saria, ‘Brazzy Jazzy’ lanarengatik. Amets saileko aktore onenaren sariak Hannes Hellmann alemanak eraman du, aurreko edizioan bezala.