Abadiñoko probalekuan hartu du lur gaur 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren saguzarrak. Udaberritik hasita lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko hamaika bertsolari gazte elkartu dira gaurkoan oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). Haiei zalearen aulkitik hauspoa ematen, handik eta hemendik etorritako 230 lagun.
Bakarka egin dituzte sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena, eta gaiarekin bigarrena. Epaileen erabakiaren berri emateko igo da Idoia Anzorandia oholtzara: Haira Aizpuruak eskuratu du 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela, eta Igor Elortzak jantzi dio. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota du agurreko bertsoa, eta anaiari eskaini dio txapela: «ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari». Maddi Agirrerentzat izan da bigarren postua.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; Abadiñoko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Gobernua dira aurtengoan laguntzaile. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.