NAIZ

‘Ez izan tipo hori’, indarkeria matxistaren aurkako kontzientziazio mezu arrakastatsua Eskozian

Minutu bateko bideoan hainbat gizonek kamerari galdetzen diote normalean gizonek kaltegabetzat eta emakumeek jazarpentzat hartzen dituzten hainbat egoeraren inguruan. ‘Ez izan tipo hori’, dio kanpainak eta Eskozia zein bertako mugetatik kanpo oihartzun handia izaten ari da.

ThatGuy
ThatGuy

‘Ez izan tipo hori’ izeneko minutu bateko bideoa da, Eskoziako Poliziak abiatutako kanpainaren baitan, sexu-indarkeria hasten den lehen moduei buruzko kontzientzia sortzeko. Eta egun gutxitan oihartzun handia lortu du, Eskoziako mugetatik haratago ere.

Herrialde horretako gizonei zuzenean zuzenduta dago, bortxaketari, sexu-erasoari eta jazarpenari heltzeko. ‘That Guy’ Eskozia osoko gizonei eskatzen ari zaie lagunekin, gurasoekin, anaiekin eta semeekin hitz egin dezatela emakumeentzat kaltegarria den portaerari buruz, eta iraganean egindako ekintzak azter ditzatela.

Plataforma ezberdinetan milioi erdi ikustaldi ditu dagoeneko eta, bertan, hainbat gizonek kamerari galdetzen diote normalean gizonek kaltegabetzat eta emakumeek jazarpentzat hartzen dituzten hainbat egoeraren inguruan.

Gizonek kamerari galdetzen diote ea inoiz txistu egin dioten emakume bati kalean, ea sentitu duten afaria ordaindu eta gero zerbait zor dietela edo pentsatu duten mozkortuta dagoen norbait haiekin eramatea.

Honakoa ere galdetzen dute: «Inoiz eman dizkiozu hiru trago jarraian zerbait lortzeko itxaropenarekin?»

«Gizon gehienek ez dute ispilura begiratzen eta arazo bat ikusten», jarraitzen du bideoak. «Baina zuzenean aurpegira begiratzen digu. Sexu-indarkeria zuk uste baino askoz lehenago hasten da. Ez izan tipo hori».

Iruzkin ugari sortu ditu bideoak. Eta errepikatuena ikustea «zaila» dela, gizonek dituzten hainbat jarrera zalantzan jartzen dituelako.

Nicola Sturgeon lehen ministrak «boteretsu eta garrantzitsu» bezala definitu zuen eta gizon eskoziar guztiei eskatu zien ikus zezaten, bere ahaideengandik hasita. 

Indarkeria matxistaren aurkako hainbat eragilek ere txalotu dute kanpina. Rape Crisis Scotlandek esan zuen pozik hartzen zuela «fokua erantzule bakarrengan jartzen baitu: erasotzaileengan».

Kanpainako arduradunek modu horretan definitu zuten honen garrantzia: «Gizon garen aldetik, emakumeak seinalatzen, txikitzen, degradatzen eta basakatzen dituen kultura bat sortzeari utzi behar diogu. Gure lagunekin eta senide gizonekin argi eta garbi hitz egin behar dugu emakumeei kalte egiten dieten eta gizonak dituen portaerei buruz».