Sherpa.ai Aizkora Txapelketako finalerdiak izan dira larunbat arratsaldean Zestoan. Mikel Larrañaga eta Karmele Gisasola izan dira onenak gizonen eta emakumeen proban, hurrenez hurren.
Gizonen artean 13 parte hartzaileek hiru txandatan bota dituzte bi oinbiko, bi kanaerdiko eta beste bina 60 ontzako. Azkenean 16 minutu eta 44 segundorekin, Mikel Larrañaga azpeitiarra gailendu da.
«Ni ere harrituta geratu naiz egin dudan denborarekin. Ikaragarri urduri hasi naiz, nahiz eta pentsatu etxean bezain ondo lana eginez gero aurre xamarrean behar nuela. Baina hasieran trakets xamar hasi naiz beina gero gotzatzen joan naiz eta bukaeran oso gustora amaitu dut», adierazi du aizkolari gipuzkoarrak.
Azaroaren 21eko Bilboko finalera, Larrañagarekin hurrenez hurren, Eneko Otaño, Iker Vicente egungo txapelduna, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi «Txikia IV.a» eta Jon Irazu sailkatu dira, Larrañagak baino hiru minutu gehiago eginda azken honek.
«Finalean ere ahal dudan lanik onena egitera joango naiz eta ea behintzat txukun ateratzen zaigun. Ikusi egin behar orduan ere gaur bezala aurreneko egiteko modua izaten dudan», amaitu du azpeitiarrak, pozarren.
Esan gabe doa finaletik at geratu direla Ugaitz Mugerza, Iñaki Azurmendi, Jexux Mari Mujika, Julen Larrea, Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero eta Jon Rekondo, Zestoan aritu diren gainomntzeko zazpi aizkolariak.
Sei segundoren barruan
Gizonen txandak hasi aurretik, emakumeei tokatu zaie lanak hastea. Parte hartzaileek 36 ontzako launa enbor moztu behar izan dituzte.
Karmele Gisasola «Zelai III.a» nagusitu da azkenean 9 minutu eta 5 segundoko denbora eginez. Bere atzetik, Uxue Ansorregi sailkatu da, sei segundo eskasera, eta azken, Garazi Arruti, oso urrun, 13 minutu eta 22 segundo behar izan baititu.
Emakumeen azken finalerako Gisasola sailkatu da denbora onenaz, eta bere atzetik Araian nagusi izan zen Maika Aristegi –hiru segundo gehiagorekin– eta Uxue Ansorregi hirugarren.
«Ez nuen inola ere espero!», onartu du Mallabiko aizkolariak. «Nire lana egitera mugatu naiz; ez nituen besteak ikusi ere egiten. Azken egurrean pixka bat trabatu naiz, baina tira. Oraindik ez naiz aizkolari sentitzen eta, besterik gabe, nire lana egiten etorri naiz, eta oso oso gustora amaitu dut», adierazi du bizkaitarrak.