Unai Laso da Lau eta Erdiko Txapelketako lehen finalista. Bizkarretako aurrelariak 22-8 menderatu du Peio Etxeberria Labriten jokatutako finalerdian eta sasoi betean iritsiko da datorren azaroaren 14an Bilbon jokatuko den final handira. Aurkaria, Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia, igandean erabakiko da Ogetan.
Azken emaitzak argi erakusten du gaurko neurketan Lasok izan duen nagusitasuna, baina partidak izan ditu kontuan hartzeko hainbat gako. Hasieran, adibidez, Peio Etxeberria oso indartsu eta erasokor azaldu da, eta markagailuan 1-5 aurreratzea lortu du.
Lehen sakea Lasori egokitu zaion arren, Etxeberriak airez erantzun du errestoan eta argi utzi du hil ala bizi jokatzera irten nahi zuela. Apostu hori ongi irten zaio lehen txanpa horretan eta tanto ederrak sinatu ditu, tartean bi gantxo ikusgarri sinatuz.
Laso, aldiz, bazirudien ez zegoela horren sartuta neurketan, eta sakearekin zalantza batzuk izan ditu. Etxeberriaren aldeko lehen partzialean, esaterako, sake bat motzegi atera du eta 1-5ekoarekin atsedena eskatu eta arnasa hartzea erabaki du.
On egin dio erabakiak, atseden horretatik bueltan Baikokoak 12 tanto jarraian egin dituelako, 13-5 aurreratzeraino. Takada horren hasiera 18 pilotakadako tanto luze eta gogor batek ekarri du, Lasok boleaz amaitu duena (2-5), eta Etxeberria saiatu da zetorrena aurrikusi eta atseden azkar batekin aurkariaren jokoa mozten, baina ez du helburua lortu.
Hauspoa beteta
Behin sakea hartuta, Laso sendo jokatzen hasi da, akatsik egin gabe, eta Etxeberria aldiz fisikoki erabat akituta geratu da, gorputzari buelta eman ezinik. Tantoak bata bestearen atzetik erortzen joan dira gorri, eta Etxeberria erabat joan da partidatik.
Gaur ere botilero izan duen Joseba Ezkurdia saiatu da behin eta berriz Etxeberriari animoak eman eta bere onera ekartzen, airez erasokor jokatzeko eskatzen zion, baina zenoztarra oso oker aritu da gaur. Aukerak izan dituenean ez du batere asmatu eta, aldiz, Lasok tanto sinestezinak sartu dizkio unerik zailenetan.
Zentzu horretan, eta haizea erabat alde zuela, aipagarria izan da adibidez Bizkarretakoak 19-8koan egin duen horma-bikoa. Beste gantxo eder batekin eta zuzenan sakez egindako azken bi tantoekin 22-8koa itxi du nafarrak.
«Oso pozik»
«Oso pozik nago, batez ere hasiera zail bati buelta emateko gai izan naizelako. Ez da erraza horrela galtzen hasi eta gero buelta ematea. Dena ongi irten zait», adierazi du Unai Lasok partida amaieran.
Partidaren bigarren erdian ezker oinean min hartu du, baina ez dirudi ezer larria: «Taloian izan da. Mugimendu batean min hartu dut», azaldu du garrantzia handirik eman gabe.
Peio Etxeberria, aldiz, burumakur joan da. «Pena bat da, horrelako frontoi batean eta horrelako egun batean ez dudalako onena eman. Ondo hasi naiz, baina gero barea sartu zait eta ezin nion gorputzari buelta eman. Bera gehiago izan da eta zoriontzea besterik ez zait geratzen», esan du zenoztarrak.
Pilotakadak: 204. Partidaren iraupena: 49 minutu eta 52 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-5, 13-5, 13-6, 17-6, 17-8 eta 22-8. Sakez: 5 Lasok (eta 2 falta) eta 2 Peio Etxeberriak. Jokoan eginak: 9 Lasok eta 4 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 8 Peio Etxeberriak. Gertaerak: Sarrera bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jon Mariezkurrena izan da Lasoren botileroa eta Joseba Ezkurdia Peio Etxeberriarena. Lehen sakea, gorri.