NAIZ

EH Bilduk ohartarazi duenez, Kutxako planak ez zion erreferentziarik egiten inolako salmentari

EH Bilduk adierazi duenez, gipuzkoarren diruarekin eraikitako Obra Soziala da Kutxa Fundaziorena, «eta hori mantendu eta indartzeko helburua jasotzen zuen plan estrategikoa babestu dute EH Bilduko patronukideek, inolako salmenta prozesuri aipamenik egiten ez ziona».

Eureka! museoan dagoen planetarioko kupula. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Eureka! museoan dagoen planetarioko kupula. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EH Bilduk salatu duenez, Kutxa Fundazioaren Patronatuan aurkeztutako 2030 Plan Estrategikoak «ez zion erreferentziarik egiten inolako salmenta prozesuri, eta, ondorioz, ez da egia Miramongo Kutxaespazioaren edota Arotz Enearen itxiera babestu denik».

«Kutxa Fundazioaren Patronatuan aurkeztutako 2030 Plan Estrategikoan, Obra Soziala mantentzeko eta indartzeko helburua jaso da; euskararen, feminismoaren eta ekologiaren aldeko ardatzak indartuta», ohartarazi du ohar batean.

«EH Bilduk proposatu eta gainerako partaideek ere onartutako eremuak dira hirurak, eta, koherentziaz, planari babesa adierazi diote EH Bilduren ordezkariek», adierazi du, eta Eureka! Zientzia Museoaren itxiera, esaterako, bertan agertzen ez zela nabarmendu.

Indar subiranistaren esanetan, «Kutxa Fundazioarena gipuzkoarron diruarekin eraikitako Obra Soziala den neurrian, obraren onura Gipuzkoarako izan behar duela babesten du EH Bilduk, eta guztiz alboratzen ditu espekulazio operazioak».

«Norabide horretan lanean jarraituko du aurrerantzean ere: Kutxa Fundazioan patronukide gisa parte hartzen duten ordezkarien bidez, zein instituzioen eremuan dagozkion ekimenak erregistratuta», gaineratu du, eta mezu bat azpimarratu du: «EH Bilduko ordezkariek, Kutxa Fundazioaren Patronatura sartu zirenetik, lurraldeko atxikimendu eta babes sozioekonomikoa bermatzeko helburua dute».

«Helburu hori Obra Sozialaren bidez garatu behar dela sinetsita, norabide horretan egin dituzte orain arteko proposamenak», esan du.