Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta elkarren aurka neurtuko dituen Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala datorren igandean jokatuko da Altsasuko Burunda pilotalekuan.
Aspe eta Baiko enpresak finalerdietan gertatzen zenaren zain egon dira final horren kokalekua zehazteko. Kontuan izan behar da bi errioxar zeudela finalerdietan, Dario eta Zabala, eta bazirudien biak edo bietakoren bat finalean sartuz gero Logroñoko Adarraga izan zitekeela finalarentzat aukeratutako pilotalekua.
Baina azkenean biak finaletik kanpo geratu dira eta sailkatu direnak Bakaikoa etxarriarra eta Zubizarreta ataundarra izan dira. Hori ikusita, enpresek Altsasuren aldeko hautua egin dute finala hartzeko, kokaleku bikaina bi herrietako zaleak erraz gerturatu daitezen.
Eguna ere ez dute azken unera arte zehaztu enpresek. Ohikoa Promozioko finala larunbatean jokatzea izaten den arren, kasu honetan igandera eraman dute neurketa hori eta larunbatean Labriten maila nagusiko hirugarren posturako lehia kokatu dute, Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberriaren arteko dema, alegia.
Gaskueren debuta eta Aimar Olaizolaren azken txanpa
Bi jaialdi horiekin batera, asteburuko menua Andoni Gaskue atzelari gaztearen debutak eta Aimar Olaizolaren bi agur partidek osatuko dute.
Ostiralean bi jaialdi daude. Gaskuek Larraintzarren, bere jaioterrian, egingo du debuta Irribarriarekin bikote osatuz Elezkano eta Tolosaren aurka. Jaialdi hori 22.00etan hasiko da eta ETBk eskainiko du zuzenean.
Beste jaialdia Bermeon antolatu du Baikok, eta Aimar Olaizolaren agurra izango da bertako Artza pilotalekuari eta Bizkaiko pilotalekuei orokorrean. Goizuetarrak Zabaletarekin jokatuko du Urrutikoetxea eta Albisuren aurka 20.00etan hasiko den funtzioan.
Eta asteburuari amaiera emateko, astelehenean Tolosan jokatuko du Olaizolak, Beotibarri eta Gipuzkoako zaleei agur esateko. Printzipioz Mariezkurrena izango du lagun –arazo fisikoekin amaitu zuen igandean Ogetan– Bengoetxea eta Albisuren kontra jokatzeko. Jaialdia 16.30etan hasiko da lehen partida ere erakargarria da: Jaka eta Artola neurtuko dira lau eta erdi barruan.