NAIZ

Gipuzkoako Saskibaloiaren Plan Estrategikoa abian da

Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak plan hau aurkeztu dute, 2030era begira. «Saskibaloia da gazteek gehien aukeratzen duten modalitateetako bat», zehaztu dute, baina gizartean jazo diren aldaketek diagnosi berri bat eskatzen dute.

Gipuzkoako Saskibaloiaren Plan Estrategikoaren aurkezpena. (GIPUZKOA.EUS)
Gipuzkoako Saskibaloiaren Plan Estrategikoaren aurkezpena. (GIPUZKOA.EUS)

Gipuzkoako Saskibaloiaren Plan Estrategikoa aurkeztu dute asteazken honetan Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak eta herrialdeko Saskibaloi Federazioak. Goizane Alvarez Kirol zuzendariarekin batera izan dira aurkezpenean Ainhoa Ibarburu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Jon Txakartegi Federazioko koordinatzaile nagusia eta Iñaki Elzaurdi, Pospektikerreko ordezkaria.

Plan honek Foru Aldundiaren Kirol Zerbitzuaren aholkularitzaren pean eta Prospektikerrek metodologiaren inguruan ezarriko duen zuzendaritza teknikoan oinarrituta  2030. urtean jarri du jomuga. Gizartean, ekonomian eta kultura arloan azken urteotan izan diren aldaketek eragin zuzena izango dute Gipuzkoako saskibaloiaren bilakaeran. Horregatik, egokitzat jo da plan prospektibo-estrategiko bat prestatzea, Gipuzkoan 2030. urtera arte saskibaloia garatzeko egoera egokiari buruzko gogoeta egiteko.

«Orain arte ez da inoiz halako metodologiarik erabili Gipuzkoan, 1939an saskibaloian jokatzen hasi zenetik», azpimarratu dute.

Goizane Alvarez Kirol zuzendariak azpimarratu duenez, «Gipuzkoako biztanleriak bizimodu aktiboa berreskuratzeko erronka du».

«Saskibaloia da gazteek gehien jokatzen duten kiroletako bat. Hala ere, duela hamarkada batetik hona bizi ditugun aldaketa soziokultural eta ekonomikoek, eta bereziki azken urtekoek, beharrezkoa egiten dute gaur egungo argazkia, hasi beharreko norabideari buruzko hausnarketa eta Gipuzkoako kirolaren etorkizuneko erronka berriak gainditzeko plana ekarriko dituen diagnosia egitea. Diagnosi horretatik sortzen dena, hein batean, antzekotasun handiak dituzten modalitateetara estrapolatzerik izango da ziurrenik», gaineratu du.  

Ainhoa Ibarburuk adierazi duenez, berriz, «Federazioak gizarte berri honetatik gertu behar du, erakargarri izan saskibaloiko baloia erabili dezan. Gipuzkoako saskibaloia osasuntsu izatea, federazio-lizentzien kopurua handituz, entrenatzaile, epaile eta mahaiko laguntzaileen kopurua handituz... bilatzen dugu, baina horrez gain, plan estrategikoari ekiten badiogu, pixka bat haratago joateko da».

«Berritzaileak izan nahi dugu, gure saskibaloia kirol eta teknologia mailan garatzeko tresnak aurkitu, gure kirola gazteentzat erakargarri bihurtzeko, eta gure klubei baliabideak eman, jokalariak eta entrenatzaileak erakartzeko. Kirola, osasuna, kohesioa, errespetua, berrikuntza eta dibertimendua... Uste dugu oinarri sendoak direla Gipuzkoako saskibaloiaren etorkizuneko oinarriak eraikitzeko», berretsi du.

Helburua da saskibaloiko eragile guztiak; hau da, jokalariak, entrenatzaileak, teknikariak, klubak, gurasoak, zaleak, babesleak, kontuan hartzea, guztiek jakin dezaten «nora goazen eta zertarako ari garen lanean», zehaztu du Ibarburuk.

Hausnartu beharreko arloen artean, besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: saskibaloiak berezkoak dituen baloreak, 3X3 modalitate berria, kirolari gazteak erakartzea, belaunaldi aldaketa epaileen artean, kluben kudeaketa, eliteko saskibaloia, prestakuntza, emakumeen saskibaloia, gazteek saskibaloia egiteari uztea eta beste hainbat.

Metodologia hiru pausutan

Iñaki Elzaurdi Prospektikerreko ordezkariak, bere aldetik, plan estrategiko honetan erabiliko den metodologia azaldu du. Hiru pausu zehatzetan banatuta azaldu du.

«Proiektu hau egiteko prospektiba teknikak eta estrategia teknikak uztartuko dituen metodologia erabiliko da. Hasteko, Gipuzkoako saskibaloiaren egungo egoeraren diagnosia egingo dugu. Horretarako, talde jakin batzuei inkesta espezifikoak egingo zaizkie –epaileei, zuzendariei, entrenatzaileei…–; horrez gain, elkarrizketa pertsonalak egingo zaizkie kirol honetan garrantzitsuak diren pertsonei, eta etorkizuneko joerei eta horiek kirol jardunean izan dezaketen eraginari buruzko azterlana egingo da. Azterketa hori lantalde espezifikoetan kontrastatu eta eztabaidatuko da, adostutako diagnostiko bat lortzeko», azaldu du.

«Bigarren, eta diagnostiko horretan oinarrituta, etorkizuneko agertoki posibleak irudikatzeko aukera emango duten aldagaiak identifikatuko dira, eta, horien artean edo horietako batzuen konbinaziotik, 2030ean izan nahi genukeen egoera aukeratuko da», jarraitu du Ezaurdik.

«Gipuzkoako Saskibaloiak 2030ean izan nahiko lituzkeen elementuak eta ezaugarriak zehaztu ondoren, hirugarren fasean, egoera hori lortzeko estrategiak, jarduerak eta proiektuak jarriko dira abian; hau da, datozen urteetan jarraitu beharreko bidea finkatuko da, Gipuzkoako Saskibaloiak gaur egun dituen eta aurrerantzean izango dituen erronkei aurre egiteko», laburbildu du.

Aurkezpena amaitzeko azpimarratu dutenez, «parte-hartzea funtsezko elementua» da planaren diseinuan; hori da proiektuaren abiapuntua, eta saskibaloiarekin zerikusirik duten eragile guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartu dute plan honen aurkezle eta antolatzaileek, «kolektibo ezberdinen ekarpenak aintzat hartzeko».