Denboraldiko lehen jardunaldian Leganes gainditu zuenetik, Sansek ez du berriro etxean jokatutako partidarik irabazi. Zorionez, nolabaiteko oreka lortu du bidaietan eskuratutako emaitzekin eta, gutxienez, jeitsiera postuetatik kanpo heldu da 14.jardunaldira. Bihar lehiatuko du filial zuri-urdinak eta bere neurriko zapata du zain: 2. mailako bisitari motelena da Malaga baina etxean ez dio oraindik inork irabazi. Bere puntuen %80a La Rosaledan lortu dute andaluziarrek eta bertan hartuko dute bihar (21.15, Gol/Movistar+) Sanseren bisita.
Bere taldeak etxetik kanpo eskaintzen ari den errendimendua goraipatu baina, era berean, biharko partidan «zelai faktoreak» izan dezaken garrantzia onartu du Xabi Alonsok. «Malaga oso talde indartsua da, batez ere etxean. Handik oso puntu gutxik egin diote ihes. La Rosaledak asko bultzatzen du eta, gainera, Oviedoren kontra azken minutuan galdu ondoren, bereziki gogotsu egongo dira». Baina, zailtasuna baino, «aukera» azpimarratu du entrenatzaile gipuzkoarrak.
«Hazten jarraitzeko aukera eskainzen digu. Etxetik kanpo taldea oso ondo lehiatzen ari da, aurpegia eman du partida guztietan eta oraingoan ere ildo horretatik jarraitu behar dugu, denboraldian egingo dugun bidai zailenetakoa dela jakinda. Aurkaria ezagututa, badakigu partida konpletoa egin beharko dugula hasieratik amaierara arte. Badakigu une batzutan gustora egongo garela eta beste batzutan sufritu eta estutu egin begarko dugula», esan du, «konzentrazioaren» garrantzia azpimarratuz.
«Oinarrizkoa izango da konzentrazioa mantentzeko gaitasuna. Ez eman aukerarik, oso talde agresiboa delako, etxean asko estutzen duena; eta une konplikatu horietan, sendotasun mentala mantentzen jakitea, egoera gogorrei aurre egiteko gaitasuna. Eta jokatzea, noski. Ez da bakarrik joan eta ikusi nora arte aguantatzen dugun; baloia daukagunean ere jakin behar dugu zer egin berarekin, aurkaria nola mindu… Partida ondo lehiatu, azken finean».
Alde horretatik, pozik dago bere taldearekin, gogotsu eta lehiakorra ikusten baitu eta partida guztietan «azken minutura arte» saiatzen delako baina argi dauka «orandik hainbat arlotan hobetu behar dugula». Lasaitasuna eskatu du jokalari batzuen kasutan –Karrikaburu, Martón…–, gazteak direla gogoraraziz. «Itxaroten jakin behar dugu. Expektatibak modulatzen jakin behar da, izan dezaketen inpaktuarengatik». Aldi berean, hala ere, ikaste prozesua ezin dela ad infinitum luzatu adierazi du Alonsok.
«Oraindik denboraldiaren lehen herena lehiatzen ari gara. Egokitzapen aldian egongo ginateke, ikaste oso azkarraren aldian baina lehiak ez du itxaroten, ez da gelditzen. Ezin dugu esan ‘hamairu partida besterik ez dira eta hobetuko dira gauzak’. Hobekuntza hori behartu behar dugu, lan egin behar dugu hobekuntza hori etengabe gertatzeko. Eta jokatzen ditugun partida guztiek laguntzen gaituzte prozesu horretan».
Printzipioz, Sola, Ezkurdia eta Zubiaurre dira lesionatuta dauden jokalari bakarrak. Gainera, Jon Ander Olasagastik ez du bidaiatuko, Imanolek deitu baitu Sturmen kontrako Europa Ligako norgehiagokarako.
Málaga: Dani Martín; Víctor Gómez, Peybernes, Juande, Cufré; Paulino, Escassi, Genaro, Kevin; Jozabed eta Brandon Thomas.
Bajak: Hicham, Sekou, Chavarría eta Luis Muñoz, lesionatuta.
Sanse: Ayesa; Blasco, González de Zarate, Arambarri, Romero; Alkain, Roberto López, Pokorny, Valera; Karrikaburu eta Magunazelaia.
Bajak: Sola, Ezkurdia eta Zubiaurre, lesionatuta; Pacheco, Lobete eta Olasagasti, lehen taldeak deituta.
Zelaia: La Rosaleda.
Ordua: 21.15 (Gol/Movistar+).
Epailea: De la Fuente Ramos (Gaztela eta Leon).