NAIZ

Emakumeen Euro Challenge Errugbi lehiaketak Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeak bilduko ditu

Hegoaldeko Bera Bera eta La Unica, eta Iparraldeko Peyrehorade eta Biarritz-Hasparren lehiatuko dira. Finalerdiak hilaren 7an eta 13an jokatuko dira. Finala, berriz, partida bakarrera jokatuko da, zelai neutralean. Gizonetan, Biarritz Olympiquek irabazi zuen, Avironen aurka finala irabazita.

Asteburu honetan jarriko da martxan Emakumeen Euro Challenge Errugbi lehiaketa. (EUSKADIRUGBY)
Asteburu honetan jarriko da martxan Emakumeen Euro Challenge Errugbi lehiaketa. (EUSKADIRUGBY)

Euro Basque Rugby Challenge txapelketaren urratsak jarraituz, Akitania Berria, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz sortu zen mugaz gaindiko errugbi lehiaketak. Hala, Euskadiko Errugbi Federazioaren eta Nafarroako Federazioaren antolakuntzak mugaz gaindiko lehiaketari ekingo diote berriz, covid-19aren pandemiak iazko ekitaldia bertan behera utzi ondoren.

Ondorioz, gizonezkoen lehiaketak arrakasta handia izan zuela aintza hartu behar da, Altamiran, Ordizian jokatu zen Biarritz Olympiquek lortu zuen garaipena, Aviron Baionakoaren aurka finala irabazita.

Oraingo honetan emakumezkoen Euro Challengea ospatuko da lau talderen artean, Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko bina. Hegoaldetik Bera-Bera, aurreko denboraldian Euskal Liga irabazi zuena, eta La Unica, Nafarroakoa, arituko dira; Iparraldetik, berriz, Peyrehorade-tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren.

Partidak bi itzulitara jokatuko dira, bi jardunalditan,hilaren 7an eta 13an, hain zuzen. Finala, berriz, partida bakarrera jokatuko da, zelai neutralean.

Finalerdien aurreneko jardunaldian Peyrehorade eta bera Bera neurtuko dira, 15.00etan hasita, Stade du Baron zelaian. Aldiz, Biarritzeko Aguileran jokatuko da Biarritz-Hasparren eta La Unicaren arteko partida, hau ere 15.00etan.

Iñaki Rica Euskadiko Errugbi Federazioko presidentearentzat, «lehiaketa hau aspalditik genuen desio baten gailurra da. Pandemiak bere garaian atzera jotzera behartu gintuen, baina gure nahia emakumezkoen mugaz gaindiko txapelketa bat antolatzea zen. Etorkizunean are gehiago indartzen eta Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak ahalik eta gehien handitzen saiatuko gara, bai gizonen artean, bai emakumeen artean, baita kategoria guztieta ere».

Euskal Errugbi Federazioko zuzendari teknikoa den Joxemi Galdos, Euro Basque Rugby Challengeak jaso zituen laguntza berak jasoko dituen txapelketa bat antolatu duela adierazi du. «Nolabaiteko kirol berdintasuna egon dadin, norgehiagokak ez desorekatzeko. Kontua da lehiakortasuna egotea eta lehiaketa horri berriro ekitea etorkizunari begira, hazten jarrai dezan», uste du.

Ilusioa piztuta

Angel Aizpitartek, Euskal Ligako egungo txapeldun den Bera Berako emakumezkoen taldeko buruak, «lehiaketa honetan gure lehiakortasun maila handitzeko modu bat ikusten dugu, normalean jokatzen ez dugun taldeekin», azpimarratu du.

«Sei urte daramatzagu nesken hamabostekoarekin. Orain 38 lizentzia ditugu neskentzat eta pixkanaka helburuak lortzen ari gara: Euskal Liga, ohorezko mailara igotzeko fasea jokatu eta antolatzea. Klubarentzat lorpen garrantzitsuak dira», gaineratu du.

Aldiz, Jokin Gorrotxategi, Laura Lorenzo eta Amets Castrejana dira Bera Bera taldea entrenatzen dutenak. «Bi partida jokatu ditugu denboraldi honetan. Hernaniren aurka 26-14 galdu genuen eta Gaztediri 20-22 irabazi genion. Jokalari multzo polit bat daukagu, neska berriekin, elkarri egokitzen joan behar dutenak», azaldu dute.

Bestalde, La Unica  talde nafarra Oscar Zuñiga eta Marcos Cerrok entrenatzen dute. «Emakumeen errugbiarekin lanean hogei urte daramatzat. Oso pozik gaude. 45 neska eta bi talde ditugu. 16 urte azpikoen taldean 33 fitxa ditugu, eta horietatik hamabi neskak dira», adierazi dute.

Euro Challengeari dagokionez, Oscar Zuñigaren ustez, «beti da interesgarria normalean jokatzen ez duzun taldeen aurka jokatzea. Ez dakigu zein mailatan egongo garen, baina talde osoak ondo egiteko ilusioa dauka. Talde honetan ikasleak daude, lan egiten duten neskak, baita langabezian daudenak ere. Denetarik dugu, eta urtetik urtera handitzen ari den maila da».