Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

AHTaren linea berriari buruzko «elkorren arteko elkarrizketa» Baionan

Akitania Berriko presidentea Baionara heldu da gaur Akizetik igarota Baionatik mugara luzatuko litzatekeen Bordele eta Okzitaniako Tolosa arteko AHT linea aipatzeko. Euskal hautetsi gehienek zalantzan eman dute berriki Parisek eta Bordelek berpiztu duten egitasmoa. Karrikan protesta egin du Cadek.

AHTaren linea berriari buruz eztabaidatzeko bileraren atarian protesta egin du gaur Cade elkarteak. (Guillaume FAUVEAU)
AHTaren linea berriari buruz eztabaidatzeko bileraren atarian protesta egin du gaur Cade elkarteak. (Guillaume FAUVEAU)

Akitania Berria eskualdeko presidente Alain Rousset sozialista Baionan antolaturiko bilerara ordu erdiko berantarekin heldu da. Ordurako 70tik gora euskal auzapez zain zituen Baionako Arteen Eskolan kokatzen den Henri Grenet Auditoriumean.

Bertan bildu baita Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegarayk deituriko alkateen bilkura. Bilerak helburu zehatza zuen: berriki Parisek, zehazki Jean Castex lehen ministroak, eta berahala Bordelen bere egoitza duen Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko buruak berpiztu duten egitasmoa.

Hamarkada luze bat eman du Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT linea berria egiteko egitasmoak tiraderan gordeta. Are, Emmanuel Macron frantziar presidente hautatu zutenean, 2017an, argiki adierazi zuen asmorik ez zuela abiadura handiko tren sarea zabaltzeko, «linea berriak eraikitzea» preseski baztertuz.

Kostu handiko azpiegitura hutsala

Kostu handiari egotzi zion orduan Macronek AHT lerro berriak egiteko politika izozteko hautua. Bost urte beranduago, guztiz alderantzizko erabakia iragartzera heldu da gaur Rousset Baionara.

Egitasmoari buruzko eztabaida gainditutzat eman nahian, zuzenean horren finantzamendurako plana mahai gainean ezarri du Akitania Berriko presidenteak. «Espainiatik helduko da AHT eta guk zer? ez dugu gure aldean bidea aurreratuko?», bota du bilera amaitu bezain laster kazetarien aurrean.

Gaurko bilera baino aste batzuk lehenago Bordele eta Okzitaniako Tolosa arteko tren ibilbide berria egin ahal izateko Estatuak, Eskualdeak baina baita lurralde elkargoek diru ekarpena egin beharko dutela ohartarazi zuen Roussetek. Zehazki Euskal Elkargoak 150 milioi inguru behar lituzke mahai gainean jarri, Akitania eta Okzitaniako metropoliak lotuko lituzkeen egitasmoaren segida jakin gabe ere.

Hala eta guztiz ere, Europako diru ekarpena gehitzeko mugaz gaindiko eremua behar denez garatu gaurko bilkuran aipatu da trenbidea lehenik Baionara eta handik mugaraino eramateko asmoa.

Hala baieztatu dio NAIZi bileratik irteterakoan Filipe Aramendik. Jakin behar da, ordea, ez Akizera ez Baiona-mugara tren berria eramateari buruz inolako txostenik ez dela bururaturik.

Hori dela eta, Urruñako auzapezak azaldu duenez, «elkorren arteko elkarrizketa pasa da gaur» Grenet Auditoriumean. Eskualdeko buruzagiak «betiko asmoari heldu dio, baina zozoak ez garenez, lehen bezala gaur ere argi dugu proiektu hau kaltegarria dela gure herriarentzat», laburbildu du auzapez abertzaleak.

Ildo beretik, Euskal Elkargoaren baitan mugikortasunen ardura duen Jean-François Hirigoyenek baieztatu digunez, «iritzi gehienek sustatu dute oraingo sarea hobetzeko alternatiba, oso azpiegitura kopuru altua biltzen duen lurraldean eragin zinez kaltegarria lukeelako AHT linea berria eraikitzeak».

Les Republicains alderdi eskuindarraren ordezkari den Donibane Lohizuneko auzapezak solik ez, Hazparneko alkate zentristak, Isabelle Pargadek ere, ahoan bilorik gabe hitz egin dute proiektu horren aurka.

Hazparneko Urkoi auzoan etxebizitza egitasmo batek lanjeran jarriko du laborantza lur eremua. Auzoek gaur goizean deituriko protestara hurbiltzeko xedez Baionako bilkura amaitu aurretik abiatu da Pargade.

Aitzinetik «tren azkarraren egitasmo horren guztiz kontra nago, elikagaiak sortzeko lurren zaintza baita gaur egun lehentasuna» adierazi digu.

Auzapezen arteko elkartasun berria

Iraganean AHTaren egitasmoak hunkitzen zituen herrietako hainbat auzapezek baizik ez zuten urratsa egin azpiegitura hori lehen unetik zalantzan jarri zuen Cade elkarteak marrazturiko bidetik egitasmoari aurre egiteko.

Gaur gaurkoz, panorama desberdina da. Alde batetik, indar korrelazioa aldatu da Ipar Euskal Herrian, eta bestetik 158 herrien bozgorailu den Euskal Elkargoa bada. Horrek beste bozgorailu bat eman ahal diezaioke egitasmoaren aurkako mobilizazioari. Hala ondorioztatu daiteke bere herritik igaroko ez den trenari buruz Hazparneko auzapezari entzundako hitzetatik.

Goiz da jakiteko zer norabide hartuko duen «etorkizunerako ezinbestekoa den egitasmoak», Alain Roussetek erabilitako esalmoldea aintzat hartuta.

Eskualdeko presidentearen esanetan SNCF eta RFF egitura ofizialek landutako txostenetan AHTaren aurkako taldeek ematen dituzten informazioak «fake news» lirateke.

Izan ere, iturri horiek aipatuta gaur egun dagoen tren azkarraren ibilbidea eta zerbitzua hobetzearekin «sei aldiz gutxiago gastatuko genuke, eta aukera izango genuke, beraz, funtsezkoak diren egitasmoak, berdin Baiona eta Donibane Garazi arteko trena berdin Baiona eta Donostia arteko tren zerbitzua garatzeko», azaldu du AHTaren egitasmoaren aurkako elkarteak biltzen dituen Cadeko bozeramale Victor Pachonek.

«Akitaniako dukeak ez gaitu ikusi nahi»

Gizarte eragile, alderdi, eta sindikatuetako ordezkariek bat egin dute Cadek deituta Arteen Hirian antolaturiko mobilizazioarekin. Goizeko 9.00ak jota banderola zabaldu eta aretoaren sarreran ezarritako hesien aurrean ezarri dira manifestariak. Abantzu ordu bi eman dute bertan, hotzari aurre egiten.

Alain Rousset, ordea, berandu heldu da hitzordura, eta alboko ate batetik zuzenean sartu da bilera gelara.

«Akitaniako dukea heldu da, berandu, bost axola euskal hautetsiak bere zain izatea», bota du Pachonek, eta txistukadaren bolumenak goia jo du. Handik gutxira, elkarretaratzeari amaiera eman diote.

Hurrengo hitzordua, heldu den ostiralean Mugerren antolatu duten informazio bilera. «Eskualdez eskualde berrabiaraziko dugu AHT egiteko lehengo kolpea gelditzea ahalbideratu zuen mugimendua», oharra egin digu Pantxo Tellier Urruñako herri kontseilariak eta Cade elkarteko kideak.

Alain Roussetek ekarritako «faktura» aztertu ondoren, Euskal Elkargoari egokituko zaio azkeneko erabakia hartzea, urtea amaitu aitzin, Bordele-Tolosa tren lerroaren finantzamenduari buruz.