NAIZ

Nafarroako emakume kirolariek neskek kirola egitea bultzatuko dute ikastetxeetan

Nafarroako Kirolaren Institutua eta Miguel Indurain Fundazioaren bitartez, zazpi kirolarik, entrenatzaile batek eta bi epailek 147 ikastetxe bisitatuko dituzte, heziketa garaitik abiatuta, emakumezkoen kirola sustatzeko, ikusarazteko eta sendotu nahian.

Hurrenez hurren, Begoña Echeverria Nafarroako Kirolaren Institutuko ordezkaria; Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria; Amaia Osaba piraguista; eta Erneto Modrego Miguel Indurain Fundazioaren kudeatzailea. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Hurrenez hurren, Begoña Echeverria Nafarroako Kirolaren Institutuko ordezkaria; Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria; Amaia Osaba piraguista; eta Erneto Modrego Miguel Indurain Fundazioaren kudeatzailea. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Kirolaren Institutuak eta Miguel Indurain Fundazioak ekimen bat jarri dute abian. Ekimen horren bidez, zazpi kirolarik, entrenatzaile batek eta bi epailek 147 ikastetxe bisitatuko dituzte, heziketa garaitik abiatuta, emakumezkoen kirola sustatzeko, ikusarazteko eta sendotzeko.

Hainbat ikastetxetan Nafarroan erreferente diren emakume kirolariek beraien esperientzia neskato-mutikoekin partekatuko dute eta kirola egitea bultzatuko dute, dakartzan onura fisiko eta mentalengatik.

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburuak, Begoña Echeverria Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Sustapeneko buruak, Ernesto Modrego Fundazioko gerenteak eta Amaia Osaba kirolariak aurkeztu dute aipatu ekimena. Horrez gain, kirolean emakumeek parte hartzea sustatzeko eta ikusarazteko beste ekintza batzuk ere aurkeztu dituzte Nafarroa Arenako prentsa aretoan.

Amaia Osaba piraguista, Mai Garde Osasunako futbolaria, Maialen Oñate patinatzailea, Irati Cuadrado eskiatzailea, Izaskun Oses atleta, Maite Ruiz de Larramendi pilotaria eta Aintzane Gorria borrokalari nafarra izango dira solasaldi hauetan parte hartuko duten kirolariak.

Bestalde, Kakun Mainz Osasunako entrenatzaileak eta Paula Remirez (Taekwondo) eta Leticia Romero (areto-futbola) epaileek osatzen dute Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat zuzenduriko ekimen hau aurrera aterako duen taldea.

Ibilbidea eta kirolaren ekarpenak

Amaia Osabak zehaztu duenez, «ikasleek zuzenean jakin ahal izango dute zer izan den guretzat kirola, zein ibilbide eta zein ekarpen egin digun gure eguneroko bizitzan ere».

«Izan ere, horregatik da garrantzitsua. Ez dute kirol-emaitzarik ikusiko, baizik eta zer eman digun», gaineratu du piraguistak. Hargatik, neskek «kirol-modalitate guztien ikuspegia zabaltzea bilatuko du», gaineratu du.

Ekimen berri honen aurkezpenean, Nafarroako Kirolaren Institutuak eta Miguel Indurain Fundazioak emakumeen kirola sustatzeko eta ikusarazteko egiten dituzten ekintzak errepasatu dituzte. 

Besteak Beste, Nafarroako Kirolaren Institutuak emakumeek osaturiko 70 klub eta talderi diru-laguntzak emateko deialdietarako aipatu dituzte; aurten 660.000 eurora iritsi dira. Bestalde, Miguel Indurain Fundazioak 188 beka banatu ditu aurten, eta horietatik 84 emakume kirolarientzat izan dira –66 guztira olinpiar programan eta emaitzengatik–, 4 kirol egokituan, 5 pilotan eta 9 Herri Kiroletan.

Gainera, talentu gazteen programan 40 laguntza eman dira, eta horietatik %55 emakumezkoentzat izan dira, 11.000 eurorekin lagunduz; aldiz, lana, kirola eta familia bateragarri egiteko FMIFen programak 2.500 euroko sei beka eman ditu, horietako hiru emakumeei.

Emakumea eta Kirola Planak 100.000 euroko aurrekontua du. Hainbat ekintza biltzen ditu emakumeen kirol-jarduera ikusarazteko. Horren ondorioz, aurten emakumeek parte hartu duten hogei bat kirol emankizun burutu dira Nafarroan. Horrez gain, Kirola eta Emakumea IV. Kongresua egingo omen da laster.