Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / redactor de la sección de opinión

Zer egin?

Argazkia etsigarria bada ere, joera positiboa da (eta oso motela). Hori horrela da traba handien gainetik euskararen alde hamarkadetan zehar egindako lanari esker.

Aurreko asteartean, NUPeko euskara taldeak antolatuta, hainbat ikaslek larunbata arte iraun zuen kanpaldia egin zuten, bai eta manifa jendetsua ere. Euskararen aldeko borrokari astindu txiki bat eman diote, «ez hain gazte» batzuen nostalgia eraginez.

Twitterren, Eneko Compainsek ikasle garaian errektoretzan egindako kateaketa gogoratu du. Urte batzuk lehenago, NUPen itxialdi oso potenteak egin ziren euskararen alde. 2001eko ekainean Polizia espainolak 84 ikasle eta irakasle atxilotu zituen. 2002ko apirilean, 97. Beste garai bat zen, ETA aktibo zegoen eta Aznarrek zein Miguel Sanzek (CDNri esker) gehiengo absolutua zuten.

Urte horietan, arazoaren muina garbi erakutsi zuen dinamika bat izan zen. Oinarriak plataformak sinadura bilketa bat bultzatu zuen, Herri Ekimen Legegile baten bidez Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna ezartzeko. 48.246 sinadura lortu zituzten, behar eta espero zituztenak baino askoz gehiago. Garai hartan esparru eraldatzaileko eragile batek antolatutako manifestaziorik handiena ere egin zuen Iruñean, 27.000 pertsona. Baina Miguel Sanzek adierazpen zeharo argigarri bat botaz gaia itxi zuen: «(la iniciativa de Oinarriak) puede ser rebatida por quienes tenemos 150.000 votos detrás que nos están pidiendo una revisión de la Ley del Vascuence en sentido contrario». Ongi zekien aurrean zuena gehiengoa kontra zuen gutxiengo oso mobilizatu bat zela.

VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2016), euskararen erabileraren sustapenaren aurrean nafar jendartearen baitako joerak hauek dira: %33,3a alde dago, %39,1a kontra eta %27,6ari berdin zaio. Zonalde bakoitzaren emaitzei ere erreparatu behar zaie. Argazkia etsigarria bada ere, joera positiboa da (eta oso motela). Eta hori horrela da traba handien gainetik euskararen alde hamarkadetan zehar egindako lanari esker. Zentzu horretan, duela hogei urteko borrokak ez ziren porrot hutsean amaitu, euskararen aldeko joera indartzen lagundu zutelako.

2021ean argazkia etsigarria bada eta joera positiboa baina oso motela bada, euskaltzaleok gure buruari galdetu behar dioguna zera da: zer egin joera azkartu eta indar harremana aldatzeko? Horrek ekarriko baititu aldaketa handietarako aukerak.