Idoia Eraso
Entrevue
Andoni Iturrioz
Kulturzalea, txapela jantziko dio Xilabaren irabazleari

«Bertsolariei uzten diet eltzea, eta eltzekaria beraiek egiten dute»

Larunbatean Donibane Lohizunen ospatuko den Xilaba bertsolaritza txapelketaren finalean Andoni Iturriozek ezarriko dio txapela irabazleari. Urteetan zehar egindako «itzaleko lanarengatik» eskertzeko deliberatu du Bertsularien Lagunak elkarteak berari galdetzea.

Andoni Iturriozek aurtengo Xilabako irabazleari jantziko dio txapela. (Guillaume FAUVEAU)
Andoni Iturriozek aurtengo Xilabako irabazleari jantziko dio txapela. (Guillaume FAUVEAU)

Senpereko Larraldea etxean du egoitza Bertsularien Lagunak elkarteak, bertako jabea den Andoni Iturriozek bertsolaritzaren eta euskal kulturaren alde ari diren elkarteei laguntzeko xedearekin uzten die tokia. «Itzaleko lan» hori eskertzeko larunbatean Donibane Lohizunen azken saioa izanen duen Xilaba bertsolaritza txapelketako irabazleari txapela ezartzea eskatu diote Iturriozi.

Eskatu zizutelarik txapela ematea irabazleari, nola hartu zenuen berria?
Galdetu zidaten duela urtebete, eta pixka bat harrituta gelditu nintzen, baina ohore handia denez baietz erran nuen. Aurten ere berriz galdetu didate, eta hitza hitz, joan den urtean baietz erran nuenez aurten ere horrela egin dut.

Bertsolaritzaren alde egindako izkutuko lana aipatu dute, zu hautatzeko arrazoi gisara.
Nik erraten dut bertsolariei uzten diedala eltzea, eta eltzekaria beraiek egiten dutela, ez dut gauza handirik egiten. Txapelketak eta ongi dira, baina egia erran, maite dudana da ikustea zenbat haur ikasten ari diren bertsolaritza; arrunt polita da ikustea ze fite ikasten duten, ze autoestima hartzen duten ikasi eta gero. Hori maite dut, eta bertso afariak.

Bertsularien Lagunak elkarteak garapen handia izan du sortu zenetik.
Egia da, duela 15 urte hasi ziren Larralean txoko txiki batean, eta orain aski da ikustea zenbat langile dituzten.

Nola ikusten duzu txapela emateko momentu hori?
Duela urte batzuk eman nion Xilabaren hirugarren txapela Eneritz Zabaletari, eta egia errateko emozio zerbait bada.

Zein da bertsolaritzarekin izan duzun harremana?
Jakin behar da, 11 urte nituela eraman nindutelarik Euskal Herritik kanpo, eta itzuli nintzen 62 urterekin. Parisen aitak espartinak egiteko enpresa txiki bat montatu zuen, eta espartinak egiten ari zenean, Txirrita, Xenpelar… bertsoak denak buruz kantatzen zituen, eta niri gustatzen zitzaidan.

Anitzetan erraten da, kanpoan bizi diren euskaldunek hemengoek baino gehiago maite dutela herria, kultura eta hizkuntza, hori gertatu zait niri.

Euskal Herrira etorri zinenean erabaki zenuen euskal kulturaren alde ari behar zinela?
Lehenik izan nuen aukera anaiari erosteko XVI. mendeko baserria. Zendu baino lehen saldu nahi zuen, eta pena ematen zidan kanpoko norbaiti saltzea, eta orduan erosi nion.

Arrunt zahartua zen, eta pentsatu nuen lehenik berritzea ikusteko nolakoak ziren Lapurdiko etxeak, gero ibili nintzen bost bat urtez baserriko laborarien tresnak biltzen museo bat egiteko, baina Bilbon eta Baztanen ikusi nituen museoak, eta geldia dela pentsatu nuen, hautsa biltzeko besterik ez duela balio.

Orduan ezagutu nuen Mixel Mendibururen alaba, Joana Mendiburu, bera ere bertso munduan sartua da, eta galdetu zidan ea zergatik ez nien uzten txoko bat egoitza egiteko, eta horrela hasi nintzen. Gaur egun hamar bat elkarte dira, ez dut gauza handirik egiten, baina beraiek lan handia egiten dute.

Euskal kulturaren eremu ezberdinak lantzen dituzten elkarteak biltzen dira Larraldean.
Larraldean badira beste hamar kultura elkarte euskararen alde direnak. Gauza anitz egiten dira, azken aldian filmeak egiten dira Gastibeltza elkartearekin, Eguzkilore antzerki taldea aspaldi hasi zena hor da ere, Lapurdi 1609 elkarteak izugarriko lana egin du azken hamar urteotan Euskal Herriari buruz…

Akats bat bada, eta da, beraien artean ez dakitela zer egiten duten. Saiatzen naiz batzutan jendea elkartzea, baina zaila izaten da.

Larraldea euskal kulturaren erreferente bilakatu da Lapurdi hegoaldean.
Egia da fama pixka bat hartu duela bai. Gainera entsaiatzen gara denak euskaraz egiten, gaizki edo ongi, baina euskaraz. Anitzetan euskara ikasten baduzu ere, zaila da atzematea gune bat euskaraz aritzeko.