NAIZ

Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoko herritarren loturak azkartzeko ekimena Larraineko lepoan

Iazko urtarrilean Pirinio Atlantikoen Prefeturak zortzi bat muga pasabide ixteko agindua eman zuen. Geroztik besteak beste San Martin Harria eta Uthurzeheta (Larraineko lepoa) hesituta daude. Igandean ekimena antolatu dute «Euskal Herrian mugarik ez» mezua zabaltzeko.

Lizuniagako pasabidearen itxiera salatzeko iragan urtarrilean eginiko protestan bezala mugarik gabeko Euskal Herria aldarrikatuko dute igandean Zuberoan. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lizuniagako pasabidearen itxiera salatzeko iragan urtarrilean eginiko protestan bezala mugarik gabeko Euskal Herria aldarrikatuko dute igandean Zuberoan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Larraine (Zuberoa) eta Otsagi (Nafarroa) lotzen dituen Uthurzehetako lepoan eta Zuberoatik Erronkarira joateko baliatzen den San Martin Harrian «inposaketa» jarraitzen duela salatzeko bi pasabide horien itxiera agerian uzteko ekimena antolatu dute.

«Inposaketarik ez. Mugarik ez Euskal Herrian» leloa bere egin duen herritar ekimen horren bidez mugak indartzeko asmoaren aurrean «Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoko herritarren, eragileen, eta erakundeen arteko saretzea» aldarrikatuko dute Uturzaetan, azaroak 14an, 12.00tan, antolaturiko elkarretaratzearen bidez. Horren ondotik Abodiko gelan jatekoa eta edateko eskainia da, «kantariek lagundurik».

Iazko urtarrilaren 12an Paueko Prefeturak zortzi muga pasabide hesteko erabakia jakinarazi zuen. Zehazki honako pasabide itxi zituzten «islamiar terrorismoaren mehatxuari» aipamen eginez: Hendaiako pasabide bi (itsasontzia eta merkantzien zubia), Lizuniga, Lizarrieta, Sara-Benta Berruet, Izpegi, Aldude eta Larraine. Zortzi pasabide horiei bederatzigarren bat gehitu zitzaion, Biarnon kokatzen bada ere Xiberoa eta Nafarroari eragiten dien San Martin Harria itxi zutelako.

Ondoko hilabetetan herritarrek mobilizazioa ainitz egin zituzten, Santiago zubitik Baigorrirat, eta Lizuniagatik Lizarrietara, pasabideen ixteak eragiten zituen kalteak salatzearekin batera mugarik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeko.

Horren ondorik, Sara (Benta Berruet), Lizarrieta eta Lizuniagako pasabideak berriz ireki zituzten martxoan eta uda partean Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen itsasontziaren zerbitzua berriz eman zuten martxan.

Izan ere Larraine (Zuberoa) eta Otsagi (Nafarroa) lotzen dituen Uthurzehetako lepoan eta Zuberoatik Erronkarira joateko baliatzen den San Martin Harrian «inposaketa» jarraitzen duela salatzeko bi pasabide horien itxiera agerian uzteko ekimena antolatu dute igandean Larraineko lepoan.