Asteazken honetan aurkeztu dute IV. Sagardo Foruma. Jakinarazi dutenez, azaroaren 18an eta 19an jardunaldi teknikoak izango dira Astigarragako Erribera Kulturgunean. Euskal Herriko eta nazioarteko 13 profesionalek beren ezagutzaren berri emango dute arreta hiru gairen inguruan jarrita: sagarra, sagardoa eta turismoa.
Gaurko aurkezpenean izan dira Xabier Urdangarin Astigarragako alkate eta Sagardun Partzuergoko presidentea, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Peli Manterola Hazi Fundazioko zuzendaria, Daniel Solana Basquetour turismo agentziako zuzendaria eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko koordinatzailea.
Azaroaren 18an izotzezko sagardoen eta sagardo monobarietalen elaborazioa eta dastaketaren inguruko lantegi bat eta bertako nahiz nazioarteko sagardoekin maridatutako afaria izango dira Astarbe sagardotegian.
Halaber, azaroaren 19an eta 20an III. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa izango da Donostiako Kursaal jauregian. Euskal Herriko eta nazioarteko 30 dastatzailek, beste sagardo mota batzuez gain, Euskal Sagardoa dastatzeko eta baloratzeko aukera izango dute eta denera 15 herrialdetako sagardoak baloratuko dira.
Lehiaketako dastatzaileen artean Maider Larrañaga dago, Sumiller Onenaren BMW Más Gastronomia 2020 sariaren irabazlea. Aurten, gainera, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena duten sagardo naturalentzako kategoria berria izango da.
Azkenik, azaroaren 20an eta 21ean II. Nazioarteko Sagardo Azoka ospatuko da Kursaalen bertan. 15 herrialdetako 100 sagardo inguru ezagutu eta dastatzeko aukera izango da, eta aurten, berrikuntza bezala, Zaporeak elkartearekin elkarlanean pintxo solidarioa eskainiko da.