Jon Ormazabal
Entrevue
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Pixkanaka pilotari helduagoa naiz eta emozio aldetik egonkorragoa»

Finalak jokatzea errutina moduko bat bihurtzen ari da amezketarrarentzat, buruz buru jokatu diren azken bostetarako sailkatu baita, baina oraindik ez da ase eta final bakoitzak eta aurreko egunek berezi izaten jarraitzen dute berarentzat.

Jokin Altuna Amezketako plazako frontoian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jokin Altuna Amezketako plazako frontoian. (Gorka RUBIO/FOKU)

25 urte, mende laurdena, izaten da atzera begira jartzeko momentu horietako bat. Profesionaletan zazpi urte baino ez baditu ere, oraintxe balantze bat egiten jarrita, izango luke Jokin Altunak pozik egoteko motiborik; buruz buru bi txapela janzteaz harago, bi kantxa osoan eta beste bi kaiolan, oso kontuan izateko markak ere ezarri dituelako. Esaterako, igandean Lau eta Erdikoan seigarren finala jokatuko du jarraian, Aimar Olaizolak, distantziako inoizko espezialistarik onenak ere sekula egin ez zuena eta, Goizuetakoak egun bat lehenago profesional izateari utziko balio, Bilbon Unai Lasori irabazita, bera izango delako, jardunean dauden pilotarien artean txapelik gehien izango dituen eskuzko pilotaria.

«Ezkurdiaren aurkako finalerdia irabazita, inongo momentutan ez zitzaidan burura etorri seigarren finala zela. Sekulako poza nuen beste txapelketa bat ondo doalako eta berriz ere finala jokatzeko aukera izateagatik. Heltzea, bai, sekulako marka da,  gauza asko behar dituzulako, zortea ere bai, lesioak, eskuak…  baina orain behintzat ez daukat pentsamendurik horretan, pentsamendu guztiak eguneroko lanean dauzkat eta ahal den hobekien heltzean finalera», aitortu digu aurrelariak.

Guztiaren gainetik, ordea, lortutako erregulartasunean jartzen du azpimarra amezketarrak, pilota benetan baita kirol aldrebesa profesionalentzat; batez ere, urte osoan mailarik onenean egon behar duten bera bezalako izarrentzat. «Dudarik gabe, zailena hori da, ze urte guztian zehar txapelketak elkarren segidan doaz. Nire kasuan nire prestatzaileak –David Dominguezek– ere beti esaten dit nirekin duen zailtasunik handiena dela ez daukala berak ere planifikatzeko aukera handirik. Konfinamendutik itzuli ginenetik dena oso segidan izan da, iristen ari naiz finaletara, eta horrek ematen dit benetan poza. Lan ona egiten ari naizela uste dut, nahiko erregular eta horrek indar handia ematen dit eguneroko lanean jarraitzeko».

Amezketarrak bere bederatzigarren finala jokatuko du, seigarrena jarraian kaiolan, Aimar Olaizolak berak ere lortu ez zuena, eta jokatutako buruz buruko azken bostetan parte hartu du, lortu duen erregulartasuna izugarria dela berretsiz.

Horrek guztiak, ordea, izan lezake B alderik, ohikoa duen maila izugarri horretatik pixka bat urruntzen den bakoitzean, lau eta erdiko honen hasieran esaterako, bere inguruan zalantzaren bat sortzea ekartzen duelako. «Nik, bai, nabaritzen dut hori jendearengan; prentsa askorik ez dut irakurtzen, esan nahi dut gehiago gustatzen zaidala pilotarien elkarrizketak eta irakurtzea, jendeak zer pentsatzen duen ikusteko. Bai, nabaritzen dut, baina ez dit eragiten. Badakit erritmo honetan jardunda beti topera ezin dela egon, gustura nago bi edo hiru astetan igual sentsazio horren onak izan ez diren arren berriz ere buelta ondo eman diodalako, oso ondo aurkitzen naiz eta aitzakiarik gabe helduko naiz finalera», gaineratu zigun.

Bidearen garrantzia

Finalera begira txapelketan behetik gora egin izan hori –finalerdietan Ezkurdia bezalako aurkari bat 7an utzi eta gero– primeran datorkion arren, ez da bilatutako zerbait izan, hala etorri den zerbait baino. «Gauza asko dira, baina inportantea hori da, dena oso polita eta erraza ez den horietan sufritzen jakitea eta ilusio berarekin jarraitzea».

Hainbeste irabazteak ez dio gosea kendu eta, horretarako, lortutako txapelek markatutako ibilbidea ez ezkutatzea beharrezkoa da. «Nik bideari ematen diot garrantzi handia eta niretzat bide polita izan da Lau eta Erdiko hau. Batzuetan iruditzen zaizu, irabazi eta irabazi ari zarenean, dena polita dela, baina nik ere zailtasunak izan ditut txapelketa honetan eta gustura nago nola erantzun dudan, ea borobiltzen dugun».

Gertukoa duen Amezketako pilotazale baten kasua azaldu genion; nola Tolosan Oinatz Bengoetxearen aurka jokatu aurretik bere zalantzak agertu zizkigun eta partida amaieran berriz topo egin eta «hau bueltan duk», dena bi ordu eskasean. «Partida batek perspektiba guztia aldatzen du, baina pilotariari berari ere bai. Zuk partida bat sentsazio onekin amaitu edo justuxeago bukatu, hurrengo entrenamenduetara joateko garaian ere beste aldarte batekin joaten zara. Niretzat garrantzitsuena izan zen Peioren –Etxeberria– aurka galdu nuenean lasai nengoela, aldagelan bertan ere lasai nengoela, kontziente izanda egoera zein zen, zer egin behar nuen. Ez nintzen gehiegi larritu eta nik uste patxada hori mantentzeak lagundu didala».

2018ko ekainaren 24an Eibarren debutatu zuenetik, etengabeko hobekuntza prozesua izan  du amezketarrak eta bide horrek guztiak logika bat, hari egoki bat, izan duela ematen du, normala den bezala, tarteka bere muturrekoekin. Handienetakoa bere lagun Erik Jakaren aurka galdutako Buruz Burukoa izan zen, hein batean bere diskurtsoa aldatu eta egunerokoaz gero eta gehiago gozatzen saiatzera eraman zuena. «Agian orduan izan zen bai; ez dakit noiztik, baina esperientziek erakutsi egiten dizute. Iazko Buruz Burukoa jokatu nuenean, adibidez, hurrengo astean lagunarteko bat jokatu nuen eta oraindik  ere gaizki nengoen, buelta emateke; kosta egin zitzaidan buelta ematea, baina ikasi egiten duzu. Orain, irabazitakoan ere, egun horretan ospatzen dut, baina hurrengo egunetik lasai nago berriz, nire gauzak egiten eta esango nuke pixkanaka pilotari helduagoa naizela eta emozio aldetik lehen baino egonkorragoa», azaldu zigun.

«Irabazi eta irabazi ari zarenean dena polita dela iruditzen zaizu, baina nik ere zailtasunak izan ditut txapelketa honetan eta gustura nago nola erantzuten dudan. Ea borobiltzerik dugun».

Eraldaketa mental horretarako laguntza profesionala ere izan zuen sei bat hilabetez eta orain gaiaren inguruko liburu asko irakurtzea gustuko du, lasai egoteko eta bere denbora hartzeko balio diotela uste baitu. Bitxia da, pilotaren mundu txiki honetan ia tabua izanda, Lau eta Erdiko bi finalistek aipatu baitigute azken egun hauetan gai hauen inguruko liburuekiko  interesa dutela. «Ba begira, berarekin ez dut hitz egin horretaz, baina ziur baietz, ondo etorriko zaiola. Askotan halako gauzak irakurri aurretik txorakeria bat izango direla iruditzen zaizu, baina oso ondo etor dakizuke eta gero gauza asko irakurrita askotan identifikatua sentitu zaitezke».

Bestelakoak izan dira Unai Lasok azken urte eta erdian pasatakoak, kontraturik gabe geratu eta afizionatuetan berriz ere jokatzeraino, eta horrek guztiak ikaragarrizko garapen pertsonal bat ekarri diola uste du Altunak. «Nik horrela ikusten dut; txapelketa honetan esango nuke hiru partida izan dituela hil ala bizikoak eta hiruretan lasai ikusi dut, bere partida eginaz. Finalerdian 5-1 galtzen joan zen, baina inongo unetan partidatik irten gabe, patxada mantenduz eta oso ondo ikusten dut, oso kontzentratuta, lasai. Entrenamenduei garrantzi handia ematen diela badakit eta oso ondo ikusten dut».

Bizkarreta-Gerendiaingoak itzuleran emandako mailak ez du bereziki harritu, hein handi batean Binakakoan bikote izan zuen Jon Mariezkurrenak nolako indarrarekin ari zen prestatzen argitua ziolako. «Partidetan oso opari gutxi egiten ari da eta oso zentratua ikusten dut. Egunerokotasunean gogo handiarekin ikusten dut entrenatzeko, ikusten da zenbat lan egiten duen, partida aurretik ere beroketak eta ze serio hartzen dituen ikusten duzu, gauzak ikusi egiten dituzu eta esandakoa, kirolari heldu bat ikusten dut, geratzeko itzuli dena».

Hobetzen jarraitu

Bere agurrean Aimar Olaizolak  gurean esana da berak eta Juan Martinez de Irujok pilotazaleen artean sortzen zuten pike hori ongi etorriko litzaiokeela gaur egungo pilotari, eta Laso eta bera izan daitezke lehia horri segida eman diezaioketenak. Altunak hobetzen jarraitzeko gai ikusten du igandeko bere aurkaria, baina baita bere burua ere. «Gehienbat ikusten dudalako urtetik urtera hobetzen ari naizela azken denbora honetan eta baita nire ingurukoek sinisten dutelako nik badudala hobetzea. Nire prestatzaileak –David Dominguezek–, Jokinek… marjina ikusten didate, gogoz ikusten nautelako ikasteko eta horretan segitu nahi dut».

Berarekin hizketan maiz irteten da David Dominguezen izena, publikoarentzat nahikoa ezezaguna den pertsona baina Jokin Altunarentzat ezinbestekoa dena. «Lasaitasun handia transmititzen dit, irabazten dudanean edo galtzen dudanean, beti lasaitasun berarekin hitz egiten dit eta, egia esan, oso gustura nago berarekin».

Aipatutako bide horretan guztian bidaide izan du eta egindako garapen fisikoa ere arrakastatsua, koherentea, izan da. «Beti esan izan dit pixkanaka joan behar genuela, bere helburua sekula ez da izan kolpetik sei kilo hartzea. Berarekin astean bitan izaten naiz, baina aparte lana jartzen dit beste bi edo hiru egunetan; berak garrantzi handia ematen dio egunerokotasunari,  egunero lana egiteari, baina era berean insistitzen dit nire gauzak ere egin behar ditudala deskonektatzeko, ez bakarrik pilotan zentratuta egon».

Kolpetik ez, baina debuta egin zuen 19 urte eta 69 kiloko Jokin Altuna ume hark hartuko zituen aipatutako sei-zazpi kiloak,baina garapen logiko bat eramanda. Eta orain, umeekin herriko pilota-eskolan aritzen denean filosofia hori ezarri nahi izaten du. «Askotan irabaztearekin itsutzen gara, sakez eta bi kolpe jota irabazita etxera pozik doaz. Umeak pilotan jarraitzeko tarteka irabaztea ondo dago, baina beste gauza batzuk egiten ikastea, zailtasunei aurre egiten ikastea, ere garrantzitsua da».