F.W. de Klerk, Mandela askatu zuen Hego Afrikako azken presidente txuria
Frederik Willem de Klerk (Johannesburg, 1936ko martxoaren 18a), Nelson Mandelarekin negoziatu eta apartheid-etik sufragio unibertsalera eta zinezko demokrazia elektoral baterako transizioa bultzatu zuen presidentea, ostegun honetan zendu da minbiziak jota, 85 urte zituela. Txurien Gobernu arrazista haren «trantsizio mirakulutsuagatik» Nobel Saria eman zioten Mandelarekin batera 1993an.
Afrikaner askorentzat «traidorea» izan zen horregatik eta ekintzaile beltz askorentzat «masazko sufrimenduetan kolaboratzailea». F.W. de Klerk afrikaner familia boteretsu bateko semea zen, gazte-gaztetatik politikarako prestatu zena. Apartheid-aren aroan hainbat ministerioren buru izan zen eta Peter Willem Botha presidentea gaixotu ondoren Alderdi Nazionalaren lidergoa hartu zuen 1989an. Hilabete batzuk geroago hartu zuen presidentetza eta lehen unetik ohartarazi zuen herrialdea: erreforma sakonen aroa irekitzeko asmoa zuen.
Bere aurrekoak baino sentsibiliate handiagoa erakutsi zuen munduak hartu zuen norabidearekiko (bereziki Berlingo Harresia erori ondoren zabaldu ziren dinamikekiko), eta lehen unetik apartheid-aren legeak bertan behera uzteari ekin zion. Berehala bisitatu zuen Nelson Mandela espetxean, eta etsai zaharrak lagun berri egin zirela esatea gehigitxo bada ere, elkarren artean ulermen zintzo bat landu zuten. Biek zeuzkaten etxe barruan negoziazio harekiko etsaiak, biek izan zituzten komeriak irekitzear zen prozesu politikoaren aurrean aurkakotasunak gainditzeko. Baina biek eutsi zioten elkarri emandako hitzari, apartheid-aren osteko herrialde berri batentzat Konstituzio berri bat sortzeko negoziazoetan bururaino iristeko.
Alderdien legeztatzea
Hurrengo urtean legeztatu zituen Hego Afrikako Kongresu Nazionala, Alderdi Komunista, Kongresu Panafrikanista. Eta orduz geroztik sarritan bildu zen buruzagi beltzekin. Irakaskuntzan, osasungintzan, ordezkaritza politikoan indarrean zeuden lege arrazistak bertan behera utzi zituen. Afrikanerren sektore ultraeskuindarren heriotza mehatxuak jaso zituen horregatik, bera izan zen Mandela herrialdeko lehen presidente beltza hautatu zuen 1994ko hauteskundeetan afrikanerren kanpaina eraman zuena. Eta Mandela presidente eginda, bi presidenteordeetatik bat ere bera izan zen.
Ez da alde guztiek goratu duten figura bat izan, zalapartak ez zituen urruti ibili. Alde batekoek sarraskietan izan zuen ardura gogoratzen zioten, beste aldekoek txuriak sarraskituak izateko arriskuan jarri izana leporatzen zioten, traizio historiko barkaezin bat egin izana. Baina berak, bere kontraesanekin eta bere kontzientziaren jabe beti, tinko eutsi zion Mandelarekin landu zuen bisioari, landu zituen konpromisoei. Gaurko Hego Afrika, bere potentzial eta ezin guztiekin, ezin daiteke ulertu F. W. de Klerk-en ekarpenik gabe.