NAIZ
Donostia

Grezian dauden errefuxiatuentzat oinetakoak bildu ditu Zaporeak elkarteak

Zaporeak GKEak antolatuta, Grezian negua igaroko duten errefuxiatuei laguntzeko oinetako bilketa solidarioa egiten ari dira larunbat honetan Euskal Herriko hainbat tokitan.

Zaporeak elkarteak antolatutako oinetako bilketa, Donostiako Gipuzkoa plazan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zaporeak elkarteak antolatutako oinetako bilketa, Donostiako Gipuzkoa plazan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Grezian egunero 1.200 errefuxiatu baino gehiagori jaten ematen dien Zaporeak elkarteak oinetako bilketa solidarioa antolatu du larunbat honetan.

GKEak gogorarazi duenez, migrazio-mugimenduek «ez dute etenik» eta, hala, «covid-19a gorabehera, 2020an mundu osoko 82,4 milioi pertsona baino gehiagok etxetik ihes egin behar izan zuten».

«Orain negua gerturatzen ari da, eta errefuxiatu-guneetan hotza inoiz baino gehiago nabaritzen da», ohartarazi dute, eta «tenperatura baxuei aurre egiteko zelaietan dituzten tresna eta azpiegitura falta» dagoela adierazi dute.

Hori arintzen saiatzeko, botak, zapatak, zapatilak eta egoera onean dagoen takoirik gabeko edozein oinetako biltzen ari da elkartea larunbat honetan.

Araban, Gasteizko Marianistas ikastetxean, Aguraingo Abade etxean, Arraia-Maeztuko udaletxean eta Zigoitiko kultur etxean biltzen dira. Gipuzkoan, Donostiako Gipuzkoa plazan –ilarak ere ikusi ahal izan dira bertan–; Zarauzko San Frantziskon 8; Oñatiko udaletxeko arkupeetan; Aretxabaletako udaletxe zaharrean eta Eskoriatzako Herriko plazan.

Bizkaian, bilketa Bilboko Yimbi Street aretoan, Portugaleteko azokan, Basauriko San Migel auzo elkartean, Usansoloko San Andres elizan, Orozkoko plazan eta Ortuellako Ahotsenean egingo da. Galdakaon, Aperribai auzo-elkartean, Basandere lokaletan eta ostalaritza-eskolan eta, Zeberion, Zubialde HLHIn; Markina-Xemeinen, arkupetan; Getxoko San Nikolas ikastolan edo Mungiako Matxin plazan, besteak beste.

Bestalde, Irungo Udalak orain arte Udaltzaingoak erabilitako 65 bota pare prestatu ditu eta Zaporeak elkarteari eman dizkio Greziako errefuxiatu-esparruetara helarazteko. Hotzari eta urari aurre egiteko prestatutako zapatak dira.