EHUko Historiaurreko katedradun Alvaro Arrizabalagak eta Erlangen Nurembergeko irakasle Aitor Calvok azaldu dutenez, Iberiar Penintsulara sartzeko aurkitutako bide berriak Txingudiko korridorekoak baino «garrantzia txikiagoa» izango luke, bigarren hori baitzen gehien erabiltzen zena, Bidasoa ibaia gaindituta, penintsularen iparraldean barneratzeko.
Arrizabalagak Efe agentziari azaldu dionez, ohikoena zen «ehiztari bilatzaile talde» horiek kostarekiko paraleloan zihoan bide bat jarraitzea, Gipuzkoako ibairik mendebaldekoenera, Deba ibaira, iritsi arte. Ebro ibarrera iristeko «ipar-hego korridore nagusia» izan zen bide hura.
Aitzitik, orain aurkituriko ibilbide berria erabili zutenek oso bestelako asmo batek bultzatuta jardungo zuten; izan ere, EHUko adituaren arabera, Urbasako kalitate handiko silexa lortu nahi zuten, 70eko hamarkadan Joxe Migel Barandiaran antropologoak Usategin (Ataun) aurkitutako tresnen berrikusketatik ondorioztatzen denez.
Arrizabalagaren esanetan, aztarnategi «txiki samarra» da eta leize horretan silexezko pieza gutxi batzuk eta «oso arrunta ez den» hezurrezko azagaia isturiziar bat aurkitu zituzten. Halako lau baino ez dira ezagutzen Pirinioen alde honetan, baina ohikoagoak dira Ipar Euskal Herrian, gehienak Isturitzeko aztarnategian aurkitu baitituzte.
Usategin aurkitutako silexaren zati bat ere Pirinioetako iparraldetik zetorren; bestea, berriz, Urbasatik.
Teoria berri batek areagotu du misterioa
Datu horien guztien ondorioz, Usategi ehiza gune bat izan zelako susmoa daukate. Leku hori, «oso noizean behin» eta «oso egun gutxiz» okupatu zuen silexaren bila espedizioak egiten zituen pertsona talde txiki batek.
Ehizarako edo penintsulako lurraldea esploratzeko ere izan zitezkeen espedizioak, gaur egun Belateko mendatea (Nafarroa) zeharkatuko lukeen «bigarren mailako ibilbide» baten bidez.
Era berean, hipotesi horrek deribatu bitxi bat planteatzen du; izan ere, Altxerrirekin batera, Oria ibaiaren Gipuzkoako haraneko bi aztarnategi paleolitiko bakarretako bat da Usategi, non, inguruko haran guztietan ez bezala, adituek «Oriaren hutsunea» izenez ezagutzen duten aztarna arkeologikoen urritasun deigarria dagoen.
Tesi honen arabera, Txingudin barrena egin zen «populatze bide nagusi» horretatik bereizita geratu da Usategi eta, hortaz, «Oriaren hutsune» hori «inoiz baino hutsago» dago. Paleolito garaiko aztarna falta horrek misterioa areagotu besterik ez du egin eta, Arrizabalagaren esanetan, «azalpenak falta dira».