NAIZ

Gutxienez 261.000 ume eta nerabe atxiloturik edota preso daude munduan

Unicef Gobernuz Kanpoko Erakundeak argitaratutako datuen arabera, mundu osoan zehar gutxienez 261.000 adin txikiko daude atxilotuta edo kartzelaraturik delitu bat egin izanaz akusatuta.

Nerabe bat bere amarekin San Marcosen, Guatemalan, elkartu da AEBetatik deportatua izan ostean. (Rodrigo MUSSAP/UNICEF)
Nerabe bat bere amarekin San Marcosen, Guatemalan, elkartu da AEBetatik deportatua izan ostean. (Rodrigo MUSSAP/UNICEF)

Unicefek ohartarazi du mundu osoan zehar 261.000 ume eta nerabe daudela preso delitu bat egin izana egotzita. Hala ere, GKEak nabarmendu du litekeena dela zifra erreala askoz altuagoa izatea. Izan ere,  herrialde askotako administrazio sistemak defizienteak dira eta erregistroak, ondorioz, osatugabeak. Edozein kasutan, kopuru horiek ikusita, Unicefek,‘Justizia-administrazioan askatasunik gabe dauden haurren kopurua kalkulatzea’ txostenean, justiziaren erreforma bat aldarrikatzen du, adin txikikoen atxiloketekin bukatzeko asmoz.

GKEak argitaratutako datuen arabera, hau da espetxeratze kopuru honen banaketa geografikoa: Ipar Amerikan 32.000 dira, Europa ekialdean eta Asia erdialdean 8.100, Asia hegoaldean 44.900, Europa mendebaldean 10.000, Latinoamerikan eta Karibean 50.300, Afrika mendebalde eta erdialdean 8.100, Afrika ekialde eta hegoaldean 48.600, Asia ekialde eta pazifikoan 40.700 eta Ekialde Hurbil zein Afrika iparraldean 18.300.

Haurrentzako Justiziari buruzko Mundu Biltzarra ospatzear dagoelarik, Unicefek 'Haurren atxiloketa covid garaian' txostena ere aurkeztu du. Bertan, covid-19aren pandemia hasi zenetik 45.000 adin txikiko baino gehiago askatu eta euren familiei modu seguruan itzuli dizkietela plazaratu du.

Zehazki, txostenak dio gutxienez 84 herrialdeetako gobernu eta agintari penitentziarioek milaka haur askatu dituztela 2020an. Unicef sentitzen da lorpen honen bultzatzaile, guneitxietan atxilotutako umeek covid-19 gaitzaz kutsatzeko aukera gehiago zituztela eta, hortaz, haien «berehalako» askatasuna exijitu baitzuen. «Haurrak gaixotasun larri baten eraginpean egon zitezkeen baldintzetatik babestean, herrialde horiek gai izan dira iritzi publikoaren erresistentzia gainditzeko eta haurren adinera egokitzen diren irtenbide judizial berritzaileak bultzatzeko», goraipatu du Unicefeko presidentea den Henrietta Forek.

Hala ere, covid-19aren testuinguruan, pandemiak haurren sistema juridikoari «sakonki eragin» diola gaitzetsi du Unicefek. «Aspalditik dakigu justizia-sistemak gaizki hornituta daudela haurren premia espezifikoei erantzuteko, eta egoera hori are gehiago larriagotu du covid-19aren pandemiak», adierazi du Forek. Izan ere, itxialdian auzitegiak itxi eta oinarrizko gizarte eta justizia zerbitzuetarako sarbidea mugatu zitzaien adin txikikoei. Era berean, ume asko, kalean bizi direnak barne, etxeratze-aginduak eta mugimendu-murrizketak urratzeagatik atxilotuak izan dira.

Atxilotutako seinak, epaiketaren aurretik eta ostean zaintzapean dihardutenak barne, immigrazio aferengatik, gatazka armatuagatik edo segurtasun nazionalaren inguruko ustezko delituengatik egon ohi dira atxilotuta.

Beste aukera bat, gurasoak preso egotea eta haiekin atxilo bizitzea da. Estatu espainolean, jakina denez, umeak hiru urte bete arte ahabildetzen da hori baina gero amarengandik banatu egiten dituzte.

Unicefek salatu du egoera honetan bizi diren umeek ez dutela elikadura zerbitzu, osasun arreta edota higiene egoki baterako sarbiderik. Ondorioz, gehiegikeria fisiko eta psikologikoak zein genero indarkeria sufritzeko arriskua handiagotzen da.

Testuinguru honetan, GKEak giltzapetuta dauden ume askori abokatuekin harremanetan jartzeko aukera edota familiarekin kontaktua ukatzen dizkietela arbuiatu du.

Adin txikikoen justizia birplanteatu

Hori horrela, haur zein nerabeen Justizia sistema berrasmatu eta atxiloketekin era seguruan amaitzeko xedez, Unicefek umeen eskubide legalen inguruko informazioaren hedapenean inbertitzeko eskatu die gobernuei eta gizarteari. Bereziki, haur marjinatuenen kasuan doako asistentzia juridikoa bermatzeko eskatu dute.

Era berean, prebentzioan fokua jarriz, Forek prebentzio neurrien garrantzia azpimarratu du, era horretan haurrak delitugile bilakatzea ekiditeko: «Edozein haurren atxiloketa sistemaren porrotaren froga da, baina porrot horrek ondorio gehiago ditu, haurrak babesteko justizia-sistemek haien sufrimendua larriagotu ohi dutelako».