NAIZ

ELB: «Hegazti gripearen aurkako neurriek kanpoko hazkuntza lanjeran jartzen dute»

Herbehereetako eta Poloniako hazkuntza industrial batzuetan hegazti gripea atzeman den testuingurua baliatuz, frantziar Nekazaritza Ministerioak, eritasuna emendatuko denaren arriskuan oinarrituz, hegazti guziak leku hetsietan egon behar direla agindu du. ELB sindikatak deliberoa salatu du.

ELB sindikatuak antolaturiko mobilizazio bat. (Bob EDME)
ELB sindikatuak antolaturiko mobilizazio bat. (Bob EDME)

Herbehereetan eta Polonian hegazti gripearen agerraldiak agertu ostean frantziar Laborantza Ministerioak hegazti guziak leku hetsietan egon behar direla agindu du. ELB sindikatuak gogor salatu du deliberoa, bere esanetan «erabaki horrek kanpoko hazkuntzan ari diren hazleak legez kanpo» ezartzen baititu, «emeki-emeki desagerraraziz».

Sindikatuak gogor kritikatu du kanpoko hazkuntza debekatua izatea. Gisa horretan, kalitatezko ekoizpena bermatzen duten laborariak legez kanpo jartzen dituela salatuko du astearte honetan, Pauen antolaturiko mobilizazioaren bidez.

«Kanpoko hazkuntzaren defentsan aritu behar gira, kanpoko hazkuntza kabalen ongizatearendako eta kontsumitzaileen osagarriarendako on baita», aldarrikatu dute euskal laborariek.

Izan ere, astearte honetan 14.00etan, Pirinio Atlantikoetako DDPP egituraren aitzinean, Pauen, antolaturiko mobilizazioan parte hartzera deitu du ELBk, «Laborantza Ministerioaren agiri eskandalagarri horien kontra erresistentzian sartuko girela aldarrikatzeko».

Sindikatuak salatu duenez sail industrialeko kabalen eta pertsonen joan-jinak erregulatzeko neholako neurririk ez du hartu Ministerioak. Aldiz, ELBren ustez horiek dira hain zuzen eritasuna barreiatzea ahalbidetzen duten jarduerak.

Horregatik, hegazti gripearen kudeaketarako neurri berriak «zentzugabekeria» direla adierazi eta kanpoko hazkuntza herrikoia «bidegurutze batean» kokatua dela ohartarazi du ELBk.

Kabalak errespetatuz, kalitatezko mozkinak bermatzen dituen laborantzaren alde diren laborariekin bat egiteko deia zabaldu du joan den urrian sentsibilizazio kanpaina bati ekin zion euskal sindikatuak.