CONTENU SPONSORISÉ

Sormene, kultur arloko egitasmoen plaza, Galdakaotik Euskal Herri osora

Azaroaren 16tik 21era kultur sormenaren plaza bihurtuko da Galdakao, Sormene egitasmoaren bitartez. Literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza eta arte plastikoek bat eginen dute euskal kulturaren zaleak sortzeko eta sortzaileak izango diren zaleak adoretzeko.

Azaroaren hasieran aurkeztu zuten Sormene ekimena Galdakaon.
Azaroaren hasieran aurkeztu zuten Sormene ekimena Galdakaon.

Borondate argi batekin dator Sormene egitasmoa. Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izatea, Galdakaotik Euskal Herri osora, azaroaren 16tik 21era. Hainbat diziplinak izango dute leku egitarauan: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza edo arte plastikoak, besteak beste. Egunez-eguneko ekitaldiak hemen kontsulta daitezke.

Bost jomuga azpimarratu dituzte antolatzaileek ekimen berezi honetarako. Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak, euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak, kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea, sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Era berean, bereizgarri bat ere azpimarratzen dute Galdakaoko Udalak antolatutako ekimen honetarako. «Emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzea».

Jarduera ezberdinak, baita ere, «herritarren kezketara eta eskarietara ondo egokituko dira» eta herriko kultur eragileen elkarlana sustatzeko ere baliatu nahi dute. «Euskararen inguruan Galdakaorako proiektu berritzailea eta erakargarria sortzea dugu helburu, eredugarria izan dadin denentzat», aipatu dute antolatzaileek.

Hori guztia bi plaza ezberdinetan egingo dute. Plaza fisikoa bezala identifikatu dutena Galdakaoko Torrezabal kultur etxean egonen da kokatuta. Galdakaoko ikastetxeetan ere landuko dute Sormene egitaraua: ekitaldien edukiak, plazako solasaldiak, sortzaileen emanaldiak, argitalpenak eta obrak eskainiz. Baina horretaz gain, plaza birtuala ere izanen da. Izan ere, haien webgunearen bidez eta streaming bitartez munduko edozein tokitatik zuzenean ikusteko eta gozatzeko aukera izanen da.

Helburu horietatik harago, hainbat erronka ere zehaztu dituzte jardunaldi hauei begira. Batetik, sormena pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitarteko gisa era sistematiko batean lantzea heziketa prozesu osoan, hezkuntza arautuan eta ez arautuan. Baita plaza fisikoan eta plaza birtualean euskarazko kulturgintza nagusi izatea. Eta honekin batera, euskaraz sortzen dena herritar guztiengana iritsiko dela bermatzea. Azkenik, kulturaren transmisioa bermatzea etxean, kalean, hezkuntza arautuan eta ez arautuan.

Hau guztia gauzatzeko «Galdakaoko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana» sustatuko da.

Azaroaren 16, 17 eta 18ko emanaldiak Torrezabal kultur etxean izango dira. Sarrera doakoa da eta ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira. Hilaren 19, 20 eta 21ekoak Ardanza parkean kokatuko den karpan izango dira. Azken hauek ere doakoak dira, aforoa bete arte.