NAIZ

Etxealdia gai hartuta sortutako zazpi lan estreinatuko dira Zinebi jaialdian

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ‘Itxitik’ proiektuaren babesean ekoitzitako zazpi film laburrak aurkeztuko ditu bere programazioan. Film labur horiek Zineuskadik 2020an covid-19ak behartutako etxealdiaren gaia jorratzeko abiarazitako deialdiaren ondorioz filmatu ziren.

Zinebi Networking atala iragartzen duen kartela. (NAIZ)
Zinebi Networking atala iragartzen duen kartela. (NAIZ)

Etxealdia dute ardatz Zinebi jaialdiaren baitan ikusiko diren lanek. Iban del Campo, Borja Crespo, Kevin Iglesias, Pedro Rivero, Imanol Lopez de Segura, Maider Oleaga, David Perez Sañudo eta Mikel Rueda dira egileak.

‘Itxitik’ programan aurkeztutako filmetatik bik (‘Vatios’, David Perez Sañudok zuzendua eta ‘Kinka’, Maider Oleagak zuzendua) Sail Ofizialaren barruan film laburren lehiaketan parte hartuko dute.

Gainerako bostak jendaurreko saio berezi batean aurkeztuko dira: ‘Etxean’ (Mikel  Rueda, 2021) (fikzioa, 18 minutu); ‘Hikikomori’ (Borja Crespo, 2021) (fikzioa, 13 minutu); ‘Los días que (nunca) fueron’ (Kevin Iglesias eta Pedro Rivero, 2021) (animazioa, 11 minutu); ‘Serendipia’ (Iban del Campo, 2021) (fikzioa, 16 minutu) eta ‘Tartea’ (Imanol Lopez de Segura, 2021) (dokumentala, 12 minutu).

Zinemagileek BBK Aretoan asteazken honetan 20.00etan egingo den saioa aurkeztu dute gaur goizean. Aurkezpenean Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendaria, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Aitziber Atorrasagasti Lakuako Kultura Sustatzeko Zuzendaria eta Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte Zuzendaria egon dira.

Bestalde, Euskal Produktoreen Elkartea (EPE-APV), Euskal Telebista, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi eta Zineuskadiren laguntzarekin, Zinebik Networking antolatu du Bilboko jaialdiak.

Dokumentalen Sorgunea ekimenaren laugarren edizioa ospatuko du. Tokiko talentuaren topagune honek dagoeneko garatzen ari diren zazpi proiektu dokumental jasoko ditu. Hauek guztiak euskal konpainia ekoizleek bultzatu dituzte. Txintxua Films ‘A los libros y a las mujeres canto’ proiektuaren atzean dago. Bertan Maria Elorza gasteiztarrak film luzera jauzi ematea du helburu.

Kalakalab konpainia arabarrak Irati Cano Alkainen ‘Amak esan zidan’ ekoiztu du; Bideografik eta Marmoka Films bilbotarrak Gentzake Martinez de Osabak zuzendutako ‘Aupa Maurizia’ aurkeztu du; Doxa Producciones Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxearen ‘Cabeza y corazón’ ekoitzi du; Eñaut Zuazok eta Iris Audiovisual Elkarteak David Alvarez eta Meritxell Valls zuzendutako ‘Eñaut Zuazo’ dokumental luzeko proiektua garatu du; Maluta Films-ek Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketaren ‘Hezurrak’ ekoitzi du; eta azkenik, Izar Films-ek AltContent-ek Izaskun Arandiak zuzendutako ‘My Way Out’ proiektua aurkeztu dute.

Proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartu dute Virginia García del Pino zuzendari eta artistarekin, astearte honetan jendaurrean izango den aurkezpena aurretik. Aurten berriz ere presentziala izango da ekitaldia, Aida Vallejo sormenezko zinema dokumentaleko irakasle eta espezialistak moderatua.

Saio horretan, proiektu bakoitzaren arduradunek aditu-epaimahai baten aurren azalduko dute. Epaimahai hau Silvia Cruz (Vitrine Films banatzailekoa), Ainhoa Gonzalez Sanchiz (Europa Creativa Desk MEDIA Euskadika), Elena Mera (Treeline Distributionekoa), Aintzane Perez del Palomar (ETB), Diana Santamaria (Capricci Cinema), Xiana do Teixeiro (Walkie Talkie Films) eta Jorge Tur Moltok (UAB) osatuko dute.

Dokumentalen Sorgunea saria ostiral honetan, azaroak 19, jaialdiaren itxiera ekitaldian emango da Arriaga Antzokian, eta 10.000 eurokoa da.