Irkus Badillo ugaoarra baldintzapeko askatasunean geratu da gaur goizean, Etxeratek jakinarazi duenez, azken 17 urteak espetxean igaro eta gero.
2004ko martxoaren 4an espetxeratu zuten. 2007an epaitu zuten eta 20 urteko zigorra ezarri zioten, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta. Epaiketa hartan, 2004ko martxoaren 11n Madrilen 193 lagun hil zituen eta Al Qaedak bere gain hartu zituen erasoengatik ere galdetu zioten Badillori.
2019ko otsailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta bi urte eta erdi geroago eman diote baldintzapeko askatasuna.
Alacanteko espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatuta, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradura igarotzea ebatzi zuen apirilean eta Basauriko kartzelara gerturatzeko agindua eman, borroka juridiko luze baten ostean. Maiatzean gauzatu zen mugimendu hori eta horrekin Alacanteko espetxea euskal preso politikoz hustu egin zen.
Denbora honetan, dispertsioaz gain, Badilloren senideek beste hainbat trabari ere egin behar izan diote aurre. 2012an, Kepa Manzisidor abokatuak jakitera eman zuenez, Bonifacio Badillo, Irkus Badillo preso politikoaren aitaren ibilgailu partikularrean jarraipen aparatuak aurkitu zituzten. Ibilgailuaren paratxokearen azpian kableatu handiko tresna bat aurkitu zuen, zinta itsaskorrarekin atxikita.
Lau lekualdatze
Honezaz gain, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak lau preso gehiago Euskalherriratzeko erabakia hartu duela aurreratu du Europa Press ajentziak. Efek erantsi duenez, Madril eta Lakuako gobernuen arteko akordioa izan da, azken honek urriaren 1ean eskuratu zuelako espetxe arloko eskumena.
Horietatik bi Basaurira ekarriko dituzte Leongo Mansillako espetxetik: Josu Ginea Sagasti eta Iker Lima Sagarna dira. Santi Aragon Iroz Logroñotik Martutenera lekualdatuko dute. Eta Juan Karlos Herrador Pouso, Kantabriako Duesotik Basaurira.
Iragarpen hau gauzatuko denean 79 izango dira Euskal Herrian diren euskal preso politikoak; oraindik ez da Estatu espainolean direnen %50ra iristen.