NAIZ

Ia hiru asteko etena eta gero, Emakumeen Saskibaloi Liga euskal derbiaz berrekingo da

IDK Euskotrenek eta Araskik elkarren aurka jokatuko dute Josean Gasca kiroldegian 19.30ean ostegunean. «Guda baten antzekoa» izango dela uste du Azu Muguruza donostiarren entrenatzaileak. Aldiz, Lointek Gernika Bizkaiak Baxi Ferrol ahula hartuko du Malosten 20.00etan.

Lesioa atzean utzita, Josean Gascako derbian jokatzeko moduan izango da Izaskun Garcia Urlezaga Araskiko antolatzailea. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Lesioa atzean utzita, Josean Gascako derbian jokatzeko moduan izango da Izaskun Garcia Urlezaga Araskiko antolatzailea. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ia hiru asteko etena bizi izan du Emakumeen Endesa Ligak eta euskal derbi batekin berrekingo dio lehiak. Ostegun arratsaldean, 19.30ean Donostiako Josean Gasca kiroldegian IDK Euskotren eta Kutxabank Araski neurtuko dira.

Emakumeen Liga eten aurretxoan azken neurketak irabazi zituzten biek ala biek. Hargatik, aurreneko zortziretan kokatuta daude uneotan: Araski zazpigarrena da, 4-3 balantzearekin; donostiarrak postu bat atzerago daude, garaipen bat gutxiago aldean, baina denboraldia hasi denetik boladarik onenean.

«Ez zigun grazxia larregirik egin lehiaketa eten beharrak, baina gauzak datozen moduan hartu beharko. Jokalariak aurreneko egunetan ez dira oso zentratuta egon, baina egunek aurrera egin ahala, berriz ere burua lanean jarri dute», adierazi du partida bezperan Azu Muguruza IDK euskotrenen entrenatzaileak.

Bere hitzetan, «Araskiren aurkako derbiak guda bat lakoak dira. Are gehiago aurten, talde biok jokalari fisikoagoak dauzkagula aintzat hartuta».

Lugoko Ensinori irabazi zion IDK Euskotrenek urriko azken asteburuan jokaturiko partida. aldiz, Tenerife hartu zuen menpean Araskik. Bietan ala bietan, euskal taldeak nagusi izan ziren errebotean, eta nagusitasun horrek lanak erraztu zizkien neurketan gailentzeko.

Araskiri buruz, bestalde, esan behar Izaskun Garcia Urlezaga antolatzailea, lesioa gainditu eta gero, jokatzeko moduan izango dela. Bada, jokoaren sormenean izan dituen arazoen tzat konponbide bat gehiago izango du Madelen Urietak.

Gorantz egin nahian

Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, 20.00etan jokatuko du Malosten, Baxi Ferrol taldearen aurka.

Liga eten bezperan Zaragozan azken segundoan galdu zuen talde bizkaitarrak eta Emakumeen Eurocupean, berriz, Virtus Boloniaren aurka 35 minutu bikain jokatuagatik, saririk gabe geratu zen. Mario Lopezenak Ligan aurreneko zortzi postuetatik at daude uneotan, 3-4 balantzearekin, eta galiziarren egoera petrala, azkenaurrenak, bi garaipen bakarrik lortuta, baliatu nahiko dute.

Mario Lopezen zorionerako, eta taldekideekin entrenatu ahal izan duelako, gernikarren azken fitxaketa, Lashann Higgs eskolta, debuta egiteko moduan izango da. Horrez gain, Paula Ginzo bakarrik joan da etenaldi honetan selekzioekin jokatzen, eta kantabriarra inongo minik gabe itzuli da ditxosozko FIBA Lehioetatik. Ondorioz, sailkapenean gorantz ekiteko aukeran ezinhobea izango dute gernikarrek ostegun gauean.