NAIZ

Kanal sare prehispaniko batek ura Peruko mendietatik Limara garraiatzen du

Milaka urte dituen harri eta buztinezko kanal sare batek ura Peruko mendi garaietatik, 3.000 metroko altueratik, Limara garraiatzen du, basamortuan kokatuta dagoen hiriburura.

Amuna bat, Perun ura garraitzen duten kanaletako bat. (USAID)
Amuna bat, Perun ura garraitzen duten kanaletako bat. (USAID)

Buztin eta harriz eginda dago ura Peruko mendi garaietatik, 3.000 metroko garaietatik, Limara, herrialde hegoamerikarreko hiriburura, garraiatzen duen kanal sistema prehispanikoa. Kanal sare honek milaka urte ditu eta ura lurpeko akuiferoetara garraitzen du, zeinak Limako estres hidrikoa baretzen laguntzen duten.

Kanal hauek amuna dute izena eta kitxuaz atxiki edo gorde esan nahi du. Hitz honek garai prehispanikoko ingeneritza sistemari egiten dio erreferentzia. Sistema honek ura mendi garaietan batu eta, hilabeteak pasa ondoren, lehorte sasoian, bere kontsumo edo erabilera ahalbidetzen du mendien beheko aldean. 

San Pedro de Castako komunitate nekazarian, Limako Huarochiri eskualdean, 100 lagunek baino gehiagok egin zuten lan 3 hilabetez kanalen sareko 8,1 kilometro eraberritzeko. Berriztapen prozesuarekin, lur azpian, era naturalean, 1,9 milioi metro kubiko ur gordetzea lortu zuten.

Eraberritzearen abantailak

Dilzon Obispo 23 urteko gaztea Senega-Tambo deituriko amuna eraberritzeko arduradunetako bat izan zen. Kanal hau itsaso mailatik 4.000 metroko altueran dago kokatuta eta herri hurbilenetik 40 minutuko ibilaldia egin behar da bertara iritsteko.

«Inguruan dauden materialekin, harri ebakiak eta buztina, kanal bat osatu genuen, zeinak euri sasoian bere funtzioa bete eta Limara ura eramaten duen», azaldu du Obispok. Era berean, Peruko hiriburuak pairatzen duen ur eskasian egin du azpimarra, bertan herrialde osoko biztanleriaren heren bat bizi baita.

Obispok, San Pedro de Castako beste auzokide batzuekin batera, Santa Eulalia errekako amunen berreskurapenaren inguruko tailerrak eta formakuntza saioak jaso zituen. Izan ere, Santa Eulalia Rimac ibaiaren ibaiadar garrantzitsuenetako bat da, eta, hortaz, Limako bizilagunek kontsumitzen duten ur erreserbaren %70ak bertan du jatorria.

Aquafondo GKEko zuzendaria den Mariella Sanchezek Eferi azaldu dionaren arabera, Munduko Bankuko ikerketek amunetan filtratzen den uraren %80 mendietako biztanleen kontsumorako bideratuko litzateke. Gainerako %20a, ostera, Limara.

«Hala ere, amuna gehiago berreskuratzen baditugu, San Pedro de Castako biztanleek errazago beteko dituzte beraien ur-eskaerak, eta ehuneko hori irauliz joango da», ziurtatu du Sanchezek. Hortaz gain, kanal horien metro lineal bat berreskuratzeko 88 eta 132 euro bitarteko inbertsioa behar dela zehaztu du.

San Pedro de Castako komunitatean, gaur-gaurkoz Aquafondok 18km amuna berreskuratu ditu. Horrela, GKEko nekazaritza-ingeniaria den Pamela Quinok azaldu du urtean 4 milioi metro kubiko ur berreskuratzea lortu dutela.

Ingeniariak gaineratu du Santa Eulaliako arroan soilik, 67 kilometro amuna daudela oraindik berreskuratzeke. Eraberrituko balira, ingeniariaren kalkuluen arabera, urtero 15 milioi metro kubiko ur eskuratuko lituzkete.