NAIZ

Polonia eta Bielorrusiako mugan ematen ari den «basakeria» salatu du OEEk

Migratzea aukera bihur dadin eta ez bizitza salbatzeko betebehar, baliabideak jar ditzala eskatu dio Europari Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak. Hori eskatzeko eta egoera salatzeko, mobilizazioa deitu du azaroaren 21erako Gasteizen.

Migratzaileen egoera latzaren errua Europari egotzi dio OEEk Gasteizen egin duen agerraldian. (ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK)
Migratzaileen egoera latzaren errua Europari egotzi dio OEEk Gasteizen egin duen agerraldian. (ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK)

Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) elkarteak milaka pertsona, horietako asko adingabeak, duela egun batzuetatik hona Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan jasaten ari diren «basakeria» salatu du. «Egoera horrek ez du alde handirik joan den mendean nazismoak erabilitako metodoekin», ohartarazi du agerraldi batean.

Hala, «gaur egungo Europa, eskubiderik gabea, honako hauen gainean eraikitzen dela» salatu du: «milaka migratzaile-errefuxiaturen bizitzak eta ametsak merkantilizatzearen eta jaurtitzeko arma gisa erabiltzearen gainean, mugak hirugarren herrialdeetara kanporatzearen gainean, non ez dituzten giza eskubideak errespetatzen, hala nola Turkia, Maroko, Libia... eta mugak militarizatzearen gainean, Frontex izanik horren adierazlerik handiena, muga horiek gerrako iruditeria bihurtu direlarik».

Era berean, pertsonak beren lekuetatik ihes egitera behartzen dituzten kausetan gobernu europarrek «eta, oro har, iparralde globalaren, trasnazionalen eta botere eliteen» politika ekonomiko eta geoestrategikoek duten erantzukizuna salatu du, eta ohartarazi euren herrietatik kanporatutako pertsonek gero eta igarobide arriskutsuagoak egin behar dituztela, «era guztietako indarkeria eta eskubide urraketak jasateko». «Asko bidean bizia galtzen ari dira, basamortuan edo itsasoan itota. Emakumeak eta adingabeak ikusezin bihurtzen diren eta indarkeria maila handiagoa jasaten duten igarobideak» dira, azpimarratu dute.

Hala, pertsona horiek «Europara iritsitakoan, eskubiderik ezari, politika arrazistei, jazarpenei, esplotazioari, kriminalizazioari egin behar diete aurre».

Horregatik, «ekonomiaren, geoestrategiaren, migrazioaren eta Europako gobernuen harreraren alorreko nekropolitiken» amaiera eskatu du OEEk, migratzea aukera bihur dadin eta ez bizitza salbatzeko betebehar. Bide legalak eta seguruak eta mugarik gabeko lurraldeak sortzea aldarrikatu du, beren jatorrizko lekuetatik ihes egin behar duten pertsonek beren bizitza arriskuan jar ez dezaten.

Hori bermatzeko, Europako erakundeei galdegin die giza eskubideetan eta eskubide sozialetan oinarritutako politikak ezar ditzatela, «pertsona bakoitzari berez dagozkionak, pertsona izate hutsagatik, benetako harrera herriak eraikitzeko».

Eskaera hori zabaltzeko, azaroaren 21ean, 13.00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den mobilizazioa deitu du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, eta herritarrei bat egiteko deia egin die.