Lugoren aurkako partidarako, Arbilla eta Fran Sol deialdian sartu ditu Garitanok

Atzelari nafarrak ez du jokatu laugarren jardunalditik eta aurrelariak azken zortzi partidak galdu ditu. Sielva, berriz, etxean geratuko da arazo fisikoengatik.

Arbillak badaramatza bi aste taldekideekin lan egiten. (SD Eibar)
Arbillak badaramatza bi aste taldekideekin lan egiten. (SD Eibar)

Gaur, ostirala, arratsaldean bidaiatuko du Eibarrek Galiziara, larunbatean asteko azken lan-saioa bertan burutzeko, Lugoren aurka igandean jokatuko duen norgehiagoka prestatzeko. Deialdia aurreratu behar izan du Gaizka Garitanok, beraz, eta horrek albiste onak ekarri ditu, hegazkinera igoko baitira Anaitz Arbilla eta Fran Sol.

Atzelari nafarrak denboraldiko lehen lau partidak jokatu zituen soilik. Leganesen kontrakoan, irailaren 4ean, zelaia utzi behar izan zuen lehen zatia amaitu baino lehen bikian min hartuta eta bi aste beranduago kirofanotik ere pasatu zen, Akileseko tendoian aspalditik nabaritzen zituen arazoak konpontzeko. Badaramatza bi aste taldekideekin lan egiten eta ostiral honetan urrats bat gehiago eman du deialdian sartuz. Ikustear dago minuturen bat jokatu ahal izango duen baina Garitanok ez du ezkutatu bere poza nafarraren itzulerarekin. «Oso garrantzitsua da guretzat. Gure kapitaina da, oso jokalari garrantzitsua. Gainera, Venancioren lesioarekin, bat edo bat berreskuratzea behar genuen. Etxeita eta Burgos oso ondo jokatzen ari dira baina ez dute ordezkorik. Zentral bat gehiago edukitzeak errotazioak egitea ahalbidetzen digu».

Kapitainarekin batera, Fran Solek ere Galiziara bidaiatuko du. Lehen zortzi jardunaldiak jokatu ondoren –haietatik seietan hamaikakoan parte hartuz–, azken zortzi partidak harmailetatik ikusi behar izan ditu aurrelari madrildarrak, L3an eta L4an sufritutako traumatismo lunbarrarengatik. Taldeak bere baja nabaritu du, are gehiago Franchu ere lesionatu zenean. Izan ere, bien faltak Llorente fitxatzera bultzatu zuen. Errioxarra, hala ere, bere forma onenetik urrun dago oraindik eta, azken aldi honetan, Blanco Leschuk izan da Garitanok hasieratik jokatzeko aukeratutako aurrelaria, Quique González hegalean kokatu den bitartean.

Albiste txarra ere badago, joan den astean hamaikakoan lehen aldiz sartu ondoren, Oscar Sielva deialditik kanpo geratu baita. Bere entrenatzaileak azaldu duenez, mina dauka pubisean. Oloteko erdilariari aurreko astean lekukoa eman ondoren, zigortuta baitzegoen, Javi Muñoz deialdira eta hasierako hamaikakora itzuliko da.