«FIBA Lehioen» etenaldia eta gero, Emakumeen Eurocupa abian da berriz ere. Lointek Gernika Bizkaia Estatu frantsesean da, asteazken gauean 20.00etan –FIBAren Youtubeko kanalak zuzenean eskainita– La Roche Vendeeren aurkako dema garrantzitsua jokatu behar du-eta.
Bi jardunaldiren faltan, frantsesak H multzoko aurrenak dira, jokaturiko lau neurketak irabazi ondoren. Hau da, hurrengo faserako txartela eskuan dutela. Gernikarrek, berriz, Virtus Boloniaren aurka irabazi izan balute, sari berbera eramango zuketen, baina ezin izan zutenei italiarren aurka Malosten irabazi, borroka egiten jarraitu behar du.
Mario Lopezek zuzenduriko taldea bigarrena da H multzoan 2-2 balantzearekin, Carolo eta Virtus Boloniak baino garaipen bat gehiagorekin. «Garaipen garrantsitzua litzateke hurrengo fasera sailkatzeko», onartzen du neurketa bezperan Marta Alberdik.
«Eurocupeko partidak bestela ere oso intentsoak dira, baina partida honetan bereziki, finala balitz bezala jokatu behar dugu», azpimarratzen du jokalari bizkaitarrak.
«Neurketa hauek oso fisikoak izan ohi dira, gauza askoren artean epaileek ere hala jokatzen lagatzen dutelako. Beren fisikoari aurre egin behar diogu», dio Alberdik, jakinean talde frantsesen ezaugarri nabarmenenetako bat gaitasun fisiko itzel hori dela.
Bankole eta Suarez gelditu
Gogoan izan behar da joaneko partidan talde frantsesak 78-90 irabazi zuela Malosten, batez ere aurreneko laurdenean 20-32 hanka egin ostean. Ana Suarez espainiarraren gidaritza eta Ornella Bankoleren 29 puntuek erabaki zuten neurketa.
«Bankolek puntu asko sartu zituen Malosten, eta Ana Suarezek eraman zuen partidako erritmoa. Ezin diegu berriz ere halakorik egiten laga», nabarmendu du Marta Alberdik, jakinean lan oso zaila izango dela, gernikarrek ezingo baitute ez Margaret Roundtree ezta Lashann Higgs erabili gaurko partidan, atzerritarren kupoa Bjorklud eta Tinara Moorekin betetzen baitu talde bizkaitarrak.
Hala, Mario Lopezek harrobiko Paule Loroño jokalari gaztea eraman beharko du La Roche Vendeeren aurkako partidara begira.
Dena den, hori ez da entrenatzailea gehien kezkatzen duena. «Hurrengo fasera begira, garaipena aurrera pauso itzela izan daiteke, beraz, partida oso garrantzitsua izango dugu La Roche Vendeeren aurka. Horregatik, lehenengo momentutik ahalik eta gogorren jokatu beharko dugu, defentsan eta errebote lanetan bereziki, aurkariari bigarren aukerarik utzi gabe. Bankoleren puntuek min egin ziguten, bai, baina baita barruko jokalariek ere, eta hori nola hala saihestu behar dugu. Ezin diegu berriro 90 puntura iristen utzi», adierazi du.
Alberdik esan duenaren haritik, «Bankoleren jaurtiketa portzentaiak murritztu behar ditugu nolabait, eta Ana Suarezi eragotzi egin behar diogu partidaren aginte makila izan dezan. Gure erasoan, berriz, erritmo gehiagorekin jokatu behar dugu. Bote gutxiago eman eta baloia hobeto mugitu behar dugu, ahalik eta jaurtiketa garbienak aurkitzeko. Normalean erasoko errebote gutxi hartzen utziko digute, eta hargatik, jaurtiketa bakoitza ongi aukeratu beharko dugu nahitaez, eta aukera bakoitza ahalik eta ongien baliatu», amaitu du.
Aintzat hartu behar da Malosteko partidan ez bezala, La Roche Vendeeko jokalarien artean Ziomara Morrison ez dela egongo, taldea laga baitu, eta bere ordez Kaleena Mosqueda-Lewis ariko dela, eta horrek kanpoko jaurtiketan indarra damaiola talde frantsesari.