Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Kataluniako Generalitateak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren (TSJC) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa. Epai horren arabera, eskolen %25, gutxienez, gaztelaniaz eman behar da. «Ondorioz, ikasleen arteko segregazioa saihesteko Katalunian ezarritako hizkuntza ereduaren oinarriak hautsi nahi dira».
Hala adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak ohar batean. Adierazi duenez, Gorenaren erabakia «oso larria da», baina, «tamalez, azken urteotan botere judizialak abian jarritako estrategiaren barruan» kokatzen dela salatu du.
«Esaten ari gara botere judizialak berezko hizkuntza komunitateen eskubideen aldeko ekimenen kontra ari dela, behin eta berriro, hizkuntza politika egiten ari dela, eta erabaki honek jarrera hori berresten du. Are gehiago, Kataluniari dagokionez, aspaldidanik izan du jomugan bertako eredu orokortu inklusiboa», esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Kontseiluaren arabera, «inertzia politikoak bultzatutako estrategia dela ez dago zalantzarik. Izan ere, Kataluniako eredua abian jarri zenean, orduan ere saiatu ziren bertan behera uzten. Baina Auzitegi Konstituzionalak berak berretsi zuen ereduaren legezkotasuna, sistemak betebeharra duelako derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleek hizkuntza ofizialetan gaitasun egokiak izan ditzaten».
«Urteetan legezkoa izan dena, legez kontrako bihurtu izanak erakusten du erabakiak ez duela oinarri juridikorik. Are gehiago, berriki onartutako LOMLOE legearen arabera autonomia-erkidegoei aukera zabal dakieke irakas-hizkuntzaren inguruko erabakietan. Beraz, argi dago Auzitegi Gorenak Damoklesen ezpata baliatu nahi duela», gaineratu du Bilbaok.
«Eredugarria»
Euskalgintzaren Kontseiluak txalotu egin du Kataluniako erakundeek hezkuntzaren eremuan hartutako erabakia, izan ere «ikasleen arteko segregazioa saihesteko, hizkuntza konjuntzioaren ereduaren alde egin zuten, hizkuntza separatismoaren eredua baztertuz. Hau da, hizkuntza ereduetan oinarritutako sistema segregatzailea baino, ikasleen inklusioa bermatzeko ikasteredu orokortua abian jarri zuten. Eta ez dago zalantzarik horrek lagundu egin diola bizikidetzari».
«Are gehiago, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ebaluazio guztietan Adituen Batzordeak goraipatu izan du Kataluniako eredua bizikidetzari eta ikasleen arteko berdintasunari egiten dien ekarpenarengatik. Hartara, Auzitegiaren erabakiak hizkuntza ghettifikazioa, bereizkeria eta diskriminazioa eragiteko helburua besterik ez du. Betiere, egoera gutxituan dagoen hizkuntza desagerrarazteko estrategiaren barruan», ohartarazi du.
Eta instituzio, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile nagusienen erantzuna azpimarratu du. «Oso argi erakutsi dute Kataluniako lagunek haien eredua defendatzeko prest daudela, etsiko ez dutela, eta gizartearen babesa duen hezkuntza-ereduarekin jarraituko dutela. Eta horrexegatik, Euskal Herritik babesa helarazteaz gain, bidegabekeria horren bozgorailu izango garela adierazi diegu bertako eragileei», esan du Kontseiluko eledunak.
Eztabaida EAEn
Azkenik, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragile nagusiak biltzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu nahi izan du EAEn ere zabaldu berri dela hezkuntzaren legearen inguruko eztabaida.
Paul Bilbaok azaldu du hezkuntza komunitatearen eragile nagusiek, Kontseiluarekin batera, ‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen’ proposamena jorratu zutela ikasleen arteko hizkuntza segregazioarekin amaitzeko.
«Ekainean, ‘Batuz Aldatu’ dinamikaren barruan ehundik gora eragile sozialek, sindikalek eta abarrekoek adostu genuen euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko ikasteredu orokortua ezarri behar dela. Inor bazterrean utziko ez duen eredua behar dugula, eta gutxien duenari gehiago emango diona. Gurean ere adostasun ikaragarri handia dago hezkuntzan jauzia egiteko», adierazi du Bilbaok.
Hori guztia kontuan hartuta batasunerako deia egin du Kontseiluko eledunak: «Aukera dugu Euskal Autonomia Erkidegoan ere hezkuntzan jauzia batasunetik egiteko. Katalunian bidea zabaldu zuten, oztopoak jartzen ari dira, baina oztopo horiek gaindituko dituzte. Hortaz, geu ere bide horri lotu behar gatzaizkio. Guztiok batera eginez gero, lortuko dugu. Orain da hezkuntzan jauzia egiteko unea».
Ikastolen Elkartea: «Murgiltze eredua, premiazkoagoa»
Ikastolen Elkarteak ere gaitzetsi du erabakia eta, adierazi duenez, Auzitegi Gorenak emandako epaiak «premiazkoagoa egiten du gure hezkuntza sistemaren lege berriak murgiltze eredua jasotzea eta hizkuntza ereduak indargabetzea».
Haren ustez, «herrialde batek erabakitzen duen hizkuntza –kasu honetan gutxitua– biziberritzeko bidea ezin dute oztopatu ez legeek, ez haiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeek».
Horrelako erasoak «maiz» gertatzen direla azpimarratu dute, bai katalanaren, bai euskararen aurka. Ikastolen Elkarteak ohartarazi duenez, auzitegiak «Kataluniako Hezkuntza Legea erreferentziatzat hartuta epaitu du kasu hau». Lege hori «ez da aldatu LOMLOE indarrean sartu zenetik, eta, beraz, bere testua bat dator LOMCEk Konstituzio Auzitegiak emandako epaien ondoren dioenarekin». «Beraz, epai hori aurreikus zitekeen», gaineratu du.
Hori dela-eta, elkarteak uste du «ezinbestekoa» dela «euskal hezkuntza sistemak arautzen dituzten hurrengo legeek euskara gure hezkuntza sistemetako komunikazio hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza dela ezartzea». «Beraz, euskararen gaiari dagokionez, aukera paregabea dugu Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko den hurrengo hezkuntza legean euskarari behar duen bultzada emateko», gaineratu du.