Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera aterako da ostegun honetan, azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean. Hiriburuetan mobilizazioak deitu ditu arratsaldean eta «kaleak eta plazak hartzera» animatu dituzte «emakumeak, trans eta bollerak Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzeko».
Aurtengo zitara «minduta, nazkatuta eta amorruak ematen digun indarrarekin» iritsiko direla adierazi dute. 2021 honetan «ofizialki» Euskal Herrian bost emakume erail dituztela ekarri dute gogora eta «etxeetan zein kaleetan pairatu dugun biolentzia izugarria» izan dela, baita LGTBIQ+ kolektiboak arlo askotan jasandako «bazterketak».
«Jendarte eredu hau jasangaitza da emakume eta genero disidenteontzat. Politika deministak, prebentzioan sakontzeko baliabide pedagokikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea behar dugu», adierazi dute.
Horregatik, eragile sozial, politiko eta instituzionalei «lan egitea» exijitu diete. «Erakunde konprometituak behar ditugu eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze ezta argazkirik ere». Horren aurrean, «benetako neurri eraginkorrak» aldarrikatu dituzte.
Baionan 18.00etan abiatuko da mobilizazioa, Moracin plazatik, Gasteizen 19.00etan Iparralde gizarte etxetik, Bilbon, 19.30ean Jesusen Bihotzetik, Donostian ordu berean Bulebarretik eta Iruñean, aldiz, 20.00etan Baluartetik.
Gasteizko Parlamentuan elkarretaratzea
Emakundek, bere aldetik, gizartea animatu du «emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguneroko jarrera aktiboa» izatera eta indarkeria gaitzestera, erakundeek eta gizarte-mugimenduek antolatutako ekitaldietan parte hartuz. Lakuak Gasteizko Parlamentuaren aurrean egingo du elkarretaratzea, 12.00etan.