Errusiar mendi baten antzera ibili da Euskal Selekzioa Leioan jokatu den Basque Country International Women’s Cup txapelketako lehen partidan. Sei goleko kontrako errenta irauli ahal izan dute euskaldunek Finlandiaren aurka bigarren zatian, eta berdinketa batekin amaituko zela uste zenean, porrota jaso dute gol bakar batengatik (27-26). Hori bai, zapore ona uzten duen porrot horietako bat izan dela esan daiteke.
Ondo eutsi dio Euskal Selekzioak lehen zatian Finlandiako taldeari. Kanpokoek jaurtiketa indartsuen bidez min handia egin diete euskaldunei eta ziztu-bizian 4-0 ipini dute markagailuan. Partida hasi eta lau minutura sartu du Euskal Selekzioak lehen gola. Horri beste bat gehitu dio eta aldea murriztea lortu dute (4-2).
Ez hori bakarrik. Gol batera ere ipini dira etxekoak (5-4), erditik egindako barneraketa baten bidez. Hala ere, segituan, hurrengo jokaldian, sartu dute 6-4koa finlandiarrek eta 8-4ra ere alde egin dute.
Bera Bera taldeko Alba Menendez zarauztarrak bere taldearen gidaritza hartu du eta Euskal Selekzioak nolabait eutsi egin dio partidari. 11-6koan inork ezin izan du finlandiarrek hegaletik baselinaz egindako gol ederra saihestu. Azkenean, bost goleko aldearekin abiatu dira atsedenaldira bisitariak (15-10).
Bigarren zatian, penaltiz sartutako gol bati esker, Finlandiak sei goleko errenta lortu du –partidako abantaila handiena–, baina pixkanaka euskaldunek erritmoa hartu eta hiru golera jaitsi dute kontrako alde hori.
Hutsartea eskatu dute momentu horretan kanpokoek eta ondo etorri zaie, beste bi gol egin baitituzte jarraian. Hala ere, berriro ere Alba Menendezek gidaritza hartuta, baloiak galtzen eta huts nabarmenak egiten hasi dira kanpokoak eta bikain aprobetxatu dute etxekoek partida berdindu eta aurretik ipintzeko (19-20) 13:30 minuturen faltan.
Beste hutsarte bat eskatu dute kanpokoek, ikusten baitzuten garaipena alde egingo zitzaiela, eta Euskal Selekzioak hiru goleko errenta eskuratzea lortu du (21-24). Baina ez da nahikoa izan, 24na berdindu dute finlandiarrek 2:37 falta zenean, 27-25 aurretik ere ipini dira, eta Alba Menendez ez da penalti puntutik ikaratu 27-26koa ipintzeko partida amaitzeko oso segundo gutxi falta zirela.
Luxenburgo-Brasil (15-47)
Txapelketako lehenengo partidan, Espainiar Estatuko Mundialean arituko den Brasilgo selekzioa errazegi gailendu zaio Luxenburgori (15-47). Talde europarrak baloi ugari galdu ditu, eta hegoamerikarrek bikain aprobetxatu dute azkar-azkar markagailuan tartea handitzeko.
Pentsa, Luxenburgoko jokalariek ez dute lehen gola bosgarren minutura arte sartu eta sei besterik ez dituzte egin lehenengo zatian. Aurkaria, aldiz, kontraerasoez baliatu da golak oso erraz sartzeko. Adriana Cardoso Donostiako Bera Berako jokalari ohiak gol ugari zakuratu ditu eskuin hegaletik.
Gainera, gol asko jokaldi beraren errepikapenak zirela ziruditen, kontraerasoan eta Luxenburgoko atezainaren aurrean egindakoak. Hori bai, horietako bi aipatzearren, 2-8 eta 2-12koak izan dira, biak baselinaz lortutakoak, ederrak.
Atezainek protagonismoa eskuratu dute baita ere. Atsedenaldira iritsi baino pixka bat lehenago, Brasilgo atezainak geldialdi bikaina egin du, eta juxtu hurrengo jokaldian Luxenburgokoak erantzun egin dio. Europarrek 6-22koa ipini dute atsedenaldira iristeko segundo bat baino gutxiago falta zenean.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera joan da. Bera Berako beste jokalari batek ere bere minutuak izan ditu Brasilen: Mariane Fernandes. Erritmoa zertxobait jaitsi egin da bigarren ordu erdi honetan, baina hegoamerikarrek, nahi zutenean, berriro igotzen zuten.
Luxenburgon, aipatzekoa da sei minuturen faltan, penaltiz lortutako gol ederra eta konplikatua, baselinaz sartutakoa. Europarrek lehen zatian baino gol gehiago sartzea lortu dute, baina brasildarrek ez dute arazorik izan garaipen oso erraza lortzeko.
Ez dute hain erraza izango Mundialean. Brasil G multzoan arituko da, Kroazia, Japonia eta Paraguairekin batera. Abenduaren 2an egingo dute debuta brasildarrek, kroaziarren aurka.