NAIZ

Euskal Zine Bilerak baditu bere irabazleak

Larunbat honetan ospatutako Sari Banaketa ekitaldian aurtengo jaialdiko sarituak eman dira ezagutzera. Iban del Camporen ‘Serendipia’, Josu Martinezen ‘Subandila’ eta Jorge Moneoren ‘Begiak Hesteko Artean’ izan dira sarituak.

Euskal Zine Bilerak jaialdiaren sarituak. (Euskal Zine Bilera)
Euskal Zine Bilerak jaialdiaren sarituak. (Euskal Zine Bilera)

20 film izan dira aurtengo Euskal Zine Bilerako Sail Ofizialeko filmen lehiaketan parte hartu dutenak. Den denak azaroaren 22tik 25era bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan eta zinebilera.eus orrialdean. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta. Film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikaza zinegileak izan dira.

Film onenaren saria, Iban del Camporen ‘Serendipia’ lanarentzat izan da. Zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini dituelako. Pelikula ariketa formal on bat delako bere osotasunean», ebatzi du epaimahaiak. Hortaz, berarentzat 44. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Josu Martinezen ‘Subandila’. «Gertakari historiko paregabea. Narrazio bikain eta zuzendaritza azpimarragarriarekin». Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Jorge Moneoren ‘Begiak Hesteko Artean’ lanarentzat izan da. «Zinearen idazkuntzaren mugekin jolasten duen artefaktu bikaina. «Aipagarria da zer nolako lana dagoen artxibo lanetan eta irudi eta soinuarekin egin dituen jolasak ikusleari indarra transmitituz. Soinua irudia bezala protagonista bilakatzen da», esan du epaimahaia. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Ikusleen saria

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen saria Gorka Ezkibelaren ‘Ostendene’ filmarentzat izan da. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Era berean, epaileek aipamen berezia egin nahi izan diote bi pelikulari. Alde batetik, Eukeni Arriortuaren ‘Memoria’ lana nabarmendu nahi izan dute epaileek, «artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro edarra egiteagatik. Ikuslea prozesu horren partaide egiteagatik».

Bestalde, Pello Seron eta Unai Zaballaren ‘Yauri Etxalde’ filma azpimarratu dute. «Jorratzen eta plazaratzen dituen gaiak emozioa transmititzen dute.  Jorratutako gaiak zer pentsatu ematen du», diote epaileek.

Benito Ansola Beka

Euskal Zine Bilera eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean bi urterik behin ematen duen Benito Ansola sariak 6. edizioa ospatu du aurtengoan. Bere helburua gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoizteko bidea zabaltzea da, horretarako 3.000 euroko beka hau eskainiz. Aurtengo proiektu irabazlea ‘Dena asmatuta dago’ izan da eta bere arduradunak Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillos dira.