Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Martxan da Landako eta Plateruenan sartzeko erreserba sistema

Datozen abenduaren 4tik 8ra egingo den Durangoko Azokako gune nagusietara sartzeko (Landako Gunea eta Plateruenako kontzertuetara) ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Dagoeneko martxan dago hori bideratuko duen erreserba sistema.

Stand-en prestaketa, martxan. (Jon URBE / FOKU)
Stand-en prestaketa, martxan. (Jon URBE / FOKU)

Ohiko itxura berreskuratzeko bidean dagoen arren –219 erakusmahai egongo dira, ohi baino pixka bat gutxiago–, Landako Gunearen edukiera oso baldintzatuta dago pandemiaren inguruko neurriekin. Esaterako, ohiko egoeran 3.400 lagunentzako edukiera du; egun, 1.200 bisitari soilik jaso ditzake.

Orokorrean gune guztiak egokituko dira ezarritako osasun neurrietara. Baina erreserbak Landakon sartzeko eta Plateruenako kontzertuetara joateko soilik egin behar dira. Astelehenetik web orrialdean bertan egin daitezke erreserbak propio jarritako gunean.

Landako Gunean 1.200 bisitariko bost txanda sortu dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko: 10-11.30; 12.00-13.30; 14.00-15.30; 16.00-17.30 eta 18.00-19.30era. Ordu eta erdiko bisitaren ostean, gunea hustuko da ordu erdiz. 

Behin eskuratuta, klikatu eta Bibe plataformara bideratuko zaitu. Eskaera bakoitzean lau txartel eskura daitezke, baina horrek ez du esan nahi txartel gehiago eskuratu ez daitekeenik, nahi beste eskaera egin baitaitezke.

Web orrialdeak posta elektronikoa bidaliko du txartela eskuratu dugula egiaztatzeko. Halere, Gerediagak arduraz jokatzeko eskatu die bisitan datozenei. Bisita bertan behera uzteko edo beste ordu bat eskatzeko asmoa dutenek mezu elektroniko bat igorri behar dute programazioa@durangokoazoka.eus helbide elektronikora, horren berri emateko; batik bat, edukieraren murrizketagatik, joan nahi duen beste norbait tokirik gabe ez uzteko.

Sarrerak eskuratzean, aukeratu dugun egunean denboraz gerturatu gaitezen eskatzen du Azokak, 20 bat minutu lehenago. Inprimatuta edo mugikorrean erakutsi ahal izango dira leihatilan.

Beste neurri batzuk kontuan izan beharko dituzte bisitariek: Kanpora irtenez gero, ezingo da barrura sartu berriro txanda horretan. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan.

Online denda abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan Azokako webgunean. Bertan Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira.