Nazioartean sona handia duen New Yorkeko Dorothy and Lewis B. Cullman Center liburutegi publikoko sormen beka jaso zuen 2018an Kirmen Uribek. Asteazken honetan aurkeztu duen lana da haren emaitza.
Nabariak dira irakurleak orrietan aurkituko dituen protagonisten eta Uribe beraren arteko paralelismoak. «Elementu errealekin egindako fikzioa da» idazlearen esanetan.
Egun batean izurde batez maitemindutako pertsona da lamina. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli.
Izurdeak, aurreko bizitzan, pertsonak izan ziren. Laminen maitale izateagatik bihurtu ziren izurde. On Joxe Miel Barandiaranek jasotako elezahar batetik izurdeen irudia hartu du Kirmen Uribek migratzaileaz idazteko. ‘Migrarioi ere bizitza aldatzen zaigu behin muga zeharkatzen dugunean –irakur daiteke nobela berrian–. Orobat, aldatu egiten da sorterria. Edo, hobeto esanda, migrariak hari buruz daukagun pertzepzioa’.
Pozik agertu da Uribe emaitzarekin. Azken lau urteak eskaini dizkio 314 orriko liburua idazteari eta zaila izan da bere esanetan. «Idazteko zaila eta irakurtzeko erraza da», azaldu du asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean.
Hiru zati
Hiru zati ditu. «Hiru liburu dira batean bilduta» Uriberen esanetan. Hiru ahots, hiru ikuspuntu, hiru forma.
Lehenengoan Uri da protagonista. 2018-19 urteak dira eta Nuew Yorkeko liburutegian Rosika Schwimmer sufragista eta bakezale hungariarraren inguruan ikertzeko beka jaso du. AEBko hirira doa bizitzera idazlea bikotekide Nora eta bi seme-alabekin.
Schwimmer figura ahaztua da egun AEBn. «Emakumea zelako? Balitete. Feminista zelako? Ziurrena. Bakazalea zelako? Bai. Ezkertiarra zen eta betirako ahaztu zuten», gogoratu du.
«Oso konprometitua izan zen XIX. mendearen bukaeran eta XX. mende hasieran. I. Mundu Gerra hastean hura gerarazteko ahalegina egin zuen», esan du. Ez zuen zalantzarik egin, horretarako New Yorkerako bidea hartu eta Wilson lehendakariarekin hitz egiten saiatu zen.
Ondare hura guztia, bizitza, 176 kutxatan gordea dago New Yorkeko liburutegian. Han aritu da idazten azken urteotan Uribe eta dokumentuak irakurtzeko aukera izan du.
Baina ez zuten denek ahanzturan utzi Schwimmer. Edith Wynner, New Yorkeko liburutegiko artxibozaina saiatu zen bere lagunari buruzko biografia idazten. Baina ez zuen lortu. «Rosika Schwimmerren tamainako liburua egin nahi izan zuen eta ezinezkoa zen; sekula ez zuen bukatzen», esan du.
Uri, ahalegin antzu hari tiraka, saiatuko da kutxak zabaldu eta Schwimmerren bizitza nobela bihurtzen. «Baina hark ere ez du lortuko», aurreratu du Uribek.
Ikerketa bera, Schwimmerren bizitzako pasarteak, Uriren familiaren egokitzapena hiri handira… asko dira jositako hariak. Bere bizitzan ere atzera jauzia egingo du idazleak, haurtzaroko oroitzapenei presentzia emanez. Euskal Herrira, 80. eta 90. hamarkadara doa Uri. «Bere bizitzan garrantzia handia duten emakumeekin gogoratuko da, batez ere feminista zen izebarekin».
«Hari ezberdinak elkarrei oihartzun eginez daude antolatuta, orain bata, gero bestea, oreka moduko bat bilatuz, elkar jan gabe», kontatu du Leire Lopez Ziluaga editoreak.
Bigarren zatian Nora da narratzailea, idazlearen bikotekidea. Fokua aldatuko da eta baita kontaera ere. Izan ere, gaztetako lagun bati bidalitako gutunak osatzen du bigarren zatia. 2020ko etxealdiak eta haren ondorengoak ere badu tarterik. Eta lehenengo zatiko hariek hor jarraitzen dute, nahiz ikuspuntu berri batetik ikusiak diren.
Zati horretan 90. hamarkadako gaztaroak du protagonismo berezia. «Gure belaunaldikoen gaztaroak, baina emakume baten ikuspegitik, neskalagunaren ikuspegitik –esan du Uribek–. Gure belaunaldikoek beraien burua ikusiko dute liburuan».
New Yorkeko bizipenak dira nagusi liburuaren hasieran, baina pixkanaka Euskal Herriko oroitzapenek hartuko diote lekua.
Azken zatian umeengana doa fokua. Elkarrizketa baten bidez, haien ahotsa dakar.
Nobelaren idazketaren bidearen gazi-gozoak, adiskidetasuna, familia harremanak, herrialde arrotzean berriro hastea, bide berriari ekitean atzean utzi beharrekoa… asko dira Uribek bere azken nobelara ekarri dituen gaiak.
Forma
Formaren aldarria da liburua. Walter Benjaminen hitzak ekarri ditu gogora gaurko ekitaldian. «Hark esana da formaren bitartez egin direla iraultza literario guztiak eta halaxe uste dut. Edukia garrantzitsua da –gaur egun inoiz baino gehiago, lehen kontatu ez ziren gauzak hasi gara kontatzen, gutxiengoetatik, emakumeen ahotsetik– baina formari garrantzi handia ematen diot eta horregatik egin dut lanketa hau», nabarmendu du.
«Nobela honetan oso garbi ikusten da zergatik zati bakoitzak forma jakin bat duen eta zergatik aldatzen den kontatzeko era eta nobelaren beraren forma. Jakina, gero denak bat egiten du eta behar beharrezkoa da bukaeraraino iristea», irakurleari luzatu dion gonbita.
Nobela eta poesia, biak landu ditu bere ibilbidean eta bi uretan ari da igerian azken lan honetan. «Irakurketa ugari ditu, poesiara hurbiltzen da zentzu horretan. Badauka goitik beherako irakurketa ere, sakonean egin beharrekoa. Izan ere, oihartzun jolas handia dago, azpian daude loturak», adierazi du.
Aurkezpenak
Urtarrilean berriz New Yorkera itzuli aurretik hainbat aurkezpen iragarri ditu. Durangon abenduaren 4ean Ahotsenean aurkeztuko du nobela Ilaski Serranorekin batera; hilaren 23an Ondarroako Zurrumurru liburudendan –nobelan ageri da– Joxe Mari Urteagarekin; 29an Donostiako Antzoki Zaharrean, Itziar Ituño lagun duela; eta urtarrilaren 3an Iruñeko Katakrak-en Juan Kruz Lakasta alboan duela.