Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Eta bezperan esan izan balute...?

Euskal preso politikoei kartzelatik ateratakoan noizik behin egiten zitzaizkien ongietorriak edozertarako makulu gisa erabiltzen zituzten hainbatek aste honetara arte, klima aldaketaz nahiz covid-19az mintzatzean. Astelehenean, presoek jakinarazi zuten ez dutela ongietorri publikorik nahi. Ez dute esan gaizki iruditzen zaizkiela, ezta ondo ere, ez dutela nahi baizik. Eta ez da izango.

Horixe eskatzen zuten bezpera arte hainbat alderdi politiko eta elkartek. Berandu iritsi da, baina. Presoek komunikatua bezperan argitaratu izan balute, garaiz iritsiko zen? Eta berandu iritsi denez, berdin die ongietorri publikoak egiten jarraitzeak?

Ez, ez zatekeen nahikoa izango. Zertarako nahikoa, ordea?

Duela hamarkada bat arte erakunde armatu bat existitu zen. Urte askoan esan zioten armak utzi behar zituela. Gero erakutsi zutenez, baina, erakunde hark armak uzterik ez zutelako nahi eskatzen zioten armak uzteko. Izan ere, erakunde hark armak utz zitzakeen zantzuak sumatu zituztenean, leherrenak egin zituzten halakorik ez gertatzeko, eta armak entregatu nahi zituenean, beste horrenbeste. Desegin zenean oso pozik zeudela esan zuten amorruak aurpegiera desitxuratuta, baina ez zela nahikoa, eta ez direla gatazka bateko bando bi izan, talde mafioso bat eta demokraziaren eta legearen aldekoak baizik.

Demokrazia eta legea ez dira gauza bera baina, edonola ere, demokraziaren aldeko horiek ere urratu dituzte legeak beren demokrazia horrek ematen dien zigorgabetasunaren jakitun.

Etikaz hitz egiten dute, baina interes politiko makurren arabera jarduten dute. Etengabe pausoak eskatzen dizkietenen pausoen erdiak emango balituzte, benetako politika egin liteke, politika ez baita ezinezkoaren artea, ezta artea ere, posible dena gauzatzen ahalegintzea baizik. •