NAIZ

Kopa konplikatu zaio Araskiri, Estudiantesen aurka porrot gogorra jaso eta gero (57-93)

Madrildarrak Izaskun Garciaren azken orduko baja izan duen talde gasteiztarra baino hobeak izan dira hasieratik eta lehen laurdenean ireki dute aldea markagailuan. Igande honetan Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek Gironari eta Campus Prometeri bisita egingo diete.

Atkinsonek 12 puntu sartu ditu Araskirentzat Estudiantesen aurka. (Endika PORTILLO/FOKU)
Atkinsonek 12 puntu sartu ditu Araskirentzat Estudiantesen aurka. (Endika PORTILLO/FOKU)

Kutxabank Araskik porrot gogorra jaso du larunbat honetan Mendizorrotzan Estudiantesen aurka (57-93). Kopara begira, madrildarrak aurkari zuzenak dira eta gaur kolpe latza eman dute mahai gainean, laugarren garaipen jarraia eskuratuz. Orain, lau jardunaldi falta dira Liga Erregularreko aurreneko erdia bete dadin eta orduan erabakiko da Koparako Top 8a.

Arratsalde konplikatua bizi behar izan du Araskik. Hasteko, partida hasi baino ordu batzuk lehenago taldeak iragarri du Izaskun Garciak ezin izango zuela Estudiantesen aurka jokatu, «zuntz haustura txiki» batengatik. Bere eboluzioaren arabera ikusiko da zenbat denbora egongo den bajan.

Ondoren, gasteiztarrek partida zail bati aurre egin behar izan diote, baina lehen laurdenean apurtu dute kanpokoek neurketa. Izan ere, 8-25eko emaitzarekin amaitu da partidako laurden hori. Aipatzekoa da Arica Derris Carterrek sartutako 9 saskiratzeak. Gainera, Laura Quevedo(7 puntu) eta Umo Diallo (5) izan ditu lagun saskiratzean. Etxekoen artean, datu txarra izan da bi jokalarik bakarrik lortu dituztela saskiratzeak: Tanaya Atkinson eta Katarina Zec, 4 bakoitzak.

Bigarren laurdena ez da hobea izan gasteiztarrentzat: 9-23eko partziala lortu dute kanpokoek. Araskin, behintzat, beste hiru jokalarik eskua berotu dute: Gracia Alonso de Armiñok 5 puntu lortu ditu, Leia Tania do Bastiaok bi eta Tamara Adelaidek beste bi. Hala ere, ez nahikoa izan markagailuan gerturatzeko. Atsedenaldira 17-48 joan dira.

Aldageletan igarotako denbora ondo etorri zaio Madelen Urietak gidatzen duen taldeari. Izan ere, lehendabiziko aldiz partidan, aurretik amaitu du laurdena 24-23ko partzial bati esker. Besteak beste, Tanaya Atkinsonek beste 8 puntu eskuratu ditu eta Leia Tania do Bastiaok beste 6.

Hala ere, 41-71ko emaitza handiegia zen gasteiztarren intereserako eta azken laurdenean, markagailua pixka bat txukundu beharrean, madrildarrek beste martxa bat sartu eta aldea handitu dute 57-93 amaitzeko.

Lan zailak Gernikarentzat

Europan izandako azken orduko ezusteko pozgarriak indarberrituta, kontinente osoan sasoikoen dagoen talde baten etxean jokatu beharko du Gernikak igande honetan arratsaldeko 18.00etatik aurrera, Gironan hain zuzen ere. Kataluniarrak orain arte partidarik galdurik gabea zen Perfumerias Avenidari irabaztetik datoz, Rebekah Gadnerren partida ikusgarri bati esker.

Gernikarrak ere bolada onean datoz, ligako azken hiru partidak irabazita eta partida handia espero da Fontajaun. FIBA leihoen etena primeran etorri zitzaien Mario Lopezenei indarrak berreskuratzeko eta seigarren postutik, Koparako txartela eskuratzea da hurrengo erronka.

Denboraldi hasieran apur bat kosta bazitzaien ere, Alfred Julberenak denboraldiko sasoirik onenean heltzen dira partidara. Hirugarren dira ligan Valenciarekin berdinduta. Laia Palau eta Rebeka Gardner dira taldeko bi izarrak baina oso talde orekatua dute. Mario Lopezen iritziz, «taldeak atzean utzi du asteazkeneko porrota eta Gironara partida lehiatzeko asmoz goaz, «nahiz eta aurkaria sekulako joko eta emaitza boladan egon. Irabazteko gakoak, talde handi baten aurka jokatzen dugun aldiro bezala, are gehiago euren etxean arituta, 40 minutuz partidan sartuta egotea, defentsan gure onena ematea, errebotea zaintzea eta saskiratze errazik ez uztea izango dira».

IDK, oraindik Koparekin ametsetan

Zaleen aurrean garaipenaren bidera itzuli ostean, IDK Gipuzkoak Koparako dituen aukera urriak xahutu nahian egingo dio bisita Logroñoko Campus Prometeori 13.00etan. «Badakit helburua oso zail dagoela baina borrokan jarraitu beharra daukagu», adierazi du Azu Muguruzak atarikoan. Lehen itzulia amaitu artekok gainontzekoak bezala, Errioxako partida finaltzat jo du entrenatzaile gipuzkoarrak.

Partida zaila dute aurretik Ibaetako neskek, 6 garaipen eta 4 porrotekin bosgarren den taldearen aurka. «Benetan liga hasiera ona egin dute, konfiantza handiarekin daude. Euren kontraerasoa geratzen saiatuko gara eta hortik aurrera erreboteetan nagusitzen saiatu eta erasoko jokoan asmatzen ahalegindu», azaldu du Muguruzak.