NAIZ

15 urteko palestinar bat hil dute, honek segurtasun-zaindari bat autoarekin harrapatu ostean

Mohamed Nidal Yunis izeneko adingabeak ustez nahita harrapatu zuen segurtasun-zaindaria Zisjordaniako kontrol militar batean. Gertaeraren ostean, beste zaindariek tirokatu eta hospitalera eraman dute. Bertan hil da. Segurtasun-zaindaria, berriz, larri zauritu da.

Soldadu israeldar bat, Zisjordanian. (Abbas MOMANI/AFP PHOTO)
Soldadu israeldar bat, Zisjordanian. (Abbas MOMANI/AFP PHOTO)
Israelgo segurtasun-zaindari bat larri zauritu da gaur goizaldean Zisjordaniako kontrol militar batean, ustez adingabe palestinar batek autoarekin nahita harrapatu. Tiroz hil dute ondoren gaztea.

34 urteko zaindaria osasun-arreta jasotzeko ebakuatu dute, eta orain egoera egonkorrean dago. Gertaera Palestinako Tulkarem hiritik gertu dagoen Te 'enimeko bidegurutze militarrean izan da, Zisjordaniako lurraldearen iparraldean.

Ustezko erasotzailea, Nablus hiriko (Zisjordania) 15 urteko gazte bat, larri zauritu dute Israelgo segurtasun indarrek tiroz, eta zauriengatik hil da ospitalera eraman ondoren.

Gertakariaren ondoren, Israelgo Armadak sarekada bat egin du Nablusen, Mohamed Nidal Yunis izeneko adingabearen etxea ikuskatzeko.

Israelgo Defentsa ministro Beny Gantzek kontrol militarreko zaindariak goraipatu ditu gertaeraren aurrean emandako «erantzun azkarragatik». Era berean, gertatutakoaren «ikerketa sakona» egitea eta Zisjordaniako «bidegurutze guztietan alerta egoera igotzea» eskatu du.

Duela bi egun 25 urteko beste palestinar batek Jerusalemeko Hiri Zaharraren aurrean judu ultraortodoxo bat sastatu zuen. Israelgo Poliziak tiroz hil zuen ondoren eta Palestinako buruzagitzak «exekuzio estrajudizialtzat» jo zuen.
Joan den azaroan beste bi eraso izan ziren Hiri Santuko zati harresituan, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren tentsioen epizentroan.

Duela bi aste inguru, palestinar batek zibil israeldar bat hil eta beste lau zauritu zituen metrailadore batekin, eta Poliziak hil egin zuen.

Lau egun lehenago 16 urteko beste palestinar batek bi polizia israeldar zauritu zituen labanaz, eta agenteen tiroen ondorioz hil zen.