Maite Ubiria

Lurralde debekua ez diote kenduko Oier Oari

Parisko Dei Auzitegiak gaur arratsaldean jakitera eman du azaroaren 8an iragan zen auziari buruzko erabakia. Oier Oari ezarri zioten lurralde debekua bertan behera uzteko eskatu zuen bere abokatuak. Auzitegiak, ordea, debekua atxikitzea erabaki du. 

Etxepare lizeoko ikasleek Oier Oa lizeora bueltatu dadila eskatzeko eginiko elkarretaratze bat. (Guillaume FAUVEAU)
Etxepare lizeoko ikasleek Oier Oa lizeora bueltatu dadila eskatzeko eginiko elkarretaratze bat. (Guillaume FAUVEAU)

2020ko azaroaren 25ean Hiriburun atzeman zuten Oier Oa Poliziaren kontrol batean.

Biharamunean aske gelditu bazen ere, geroztik 2015ean kartzelatik atera zenetik Larresoron errotuta dagoen preso ohi donostiarra bere familiarengandik urrunduta bizitzera behartua izan da, kartzela zigorrari gehituriko lurralde debekua dela-eta.

Azaroaren 8an Parisko Dei Auzitegian iragan zen auzian Oaren abokatuak aurkezturiko helegitea aztertu zuten.

Amaia Rekartek lurralde debekuak Oaren familiarengan dituen «neurriz kanpoko ondorio kaltegarriak» nabarmendu zituen saioan.

Bestalde, Euskal Herriko testuinguru sozial eta politikoa aintzat hartuta ezin zaiola «ordena publikoa lanjeran jartzearen irizpideari» heldu horiek bezalako zigorrak luzatzeko gehitu zuen abokatuak.

Hala eta guztiz ere abokatu orokorra lurralde debekua altxatzeko eskaera errefusatzearen alde azaldu zen.

Gaur jakitera eman duen erabakiaren arabera auzitegiak posizio horrekin bat egin du, baina auziaren mamian sartu gabe.

Rekarte: «Juridikoki erabaki guztiz ulergaitza da»

Amaia Rekarte abokatuak NAIZi azaldu dionaren arabera «juridikoki nekez ulertu daitekeen erabakia hartu du auzitegiak».

Bere egoera erregularizatzeko Oier Oak azkeneko urtetan aurkeztu zituen beste bi eskaerak errefusatuak izan ondoren elmentu berriak behar zituen aurkeztu bere defentsak. Izan ere, eskaera oinarritzeko elementuak zalantzan eman ditu auzitegiak.

«Prozeduraren onargarritasuna zalantzan eman dutela» azaldu du abokatuak.

Defentsaren ikuspuntutik erabaki «zinez larria» hartu du Dei Auzitegiak. «Berez iraganean terrorismoaren aurkako fiskalak berak onartu zuenaren aurka azaldu da abokatu orokorra», zehaztu du Rekartek. 

Hain zuzen, eskaera berria sustatzeko elementu berriak behar dira aurkeztu. Hala egin zuen Oier Oaren defentsak. Alta, auzitegiaren arabera iaz atzeman zutenetik «Oa frantses Estatutik kanpo bizi den frogatzeko aski elementurik ez dago».

Azkeneko urtean Zugarramurdin bizi izan da Oa, Larresoron bizi den bere emazte eta hiru semeengandik ahal den eta gertuen izateko lagun batek eskaini zion etxean.

Bertatik telelanaren bidez jardun du Etxepare lizeoko hezitzaileak.

Alta, bere egoera berriari buruz aurkezturiko agiri horiek guztiak ez dira aski izan, abokatu orokorraren bidez Oir Oa Lapurditik kanpo bizi dela argiki frogatzeko.

Defentsak erabakia badu, ez ordea auzitegiaren deliberoaren nondik norakoak. Ebazpena jasotzen duenean, zer urrats juridiko emanen dituen erabakiko du. Hala nola, Kasazio epaitegira jotzeko aukera izanen du aztergai Rekarte abokatuak.

Elkartasun ekimen ugari

Azaroaren 8ko auziaren atarian hainbat elkartasun ekimen antolatu zituzten bai Baionan bai Larresoron Oaren egoera behingoz konpon dezatela eskatzeko.

Larresoron bertan elkarretaratze jendetsua egin zuten azaroaren 5ean. Horren ondotik herriko frontoian euskal preso ohiaren auzia jorratzen duen ‘Zigor bat gehiago’ dokumentala ikusteko parada ukan zuten elkartasun ekimenera bertaratu ziren lagunek.

Auziaren egun berean, bestalde, Oa atzeman zuten tokitik bertatik korrika egin zuten Etxepare lizeoko ikasleek eta lankideek.

Hala, Hiriburuko Aturri kolegiotik gertu dagoen biribilgunetik abiatu zen lasterketaren bidez iragan azaroaren 25ean atxilotu zuten egunean Oak ezin izan zuen 7 kilometrotako ibilbidea osatu zuten lizeotarrek beraien hezitzailea lizeoan bueltan nahi zutela adierazteko.