NAIZ

LABek ere greba deitu du Bizkaiko adinekoen egoitzetan abenduaren 14rako

LABek ere Bizkaiko adinekoen egoitzen sektorean greba egun baterako deialdia erregistratu du abenduaren 14rako. Sindikatu abertzalearen ustez, gatazka honek «batasun sindikal indartsu eta argia» eskatzen du.

Bizkaiko adinekoen egoitzetan greba deialdia egin du LABek abenduaren 14rako. (LAB)
Bizkaiko adinekoen egoitzetan greba deialdia egin du LABek abenduaren 14rako. (LAB)

LABek ere Bizkaiko adinekoen egoitzetan greba eguna deitu du abenduaren 14rako, ELAk iragan asteartean egin zuen bezala. «Egoitzetako langileen lana funtsezkoa da jendartearentzat, eta horrela aitortzea nahi dugu. «Lan baldintzak langile publikoekin parekatzea eta ratio gizatiarrak izatea exijitzen dugu», adierazi dute ostegun honetan Bilbon egindako agerraldian.

Sindikatuak ohartarazi duenez, zaintzak merkantilizatzeak «miseria baino ez dakarkie adinekoei, eta prekarizazioa sektoreko langileei». «Gaur egun, zaintza negozio bat da, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatzen gaituena», azaldu du.

Horregatik, aldarrikapen hauek aterako ditu kalera LABek abenduaren 14an: batetik, egoitzetako langileen lan baldintzak langile publikoekin parekatzea. «Lan baldintzak hobetzeko eta, ondorioz, adinekoen zaintza hobetzeko benetako urratsak emateko unea da. Orain da unea, honek izan behar du parekatzearen negoziazioa».

Eta bestetik, ratio gizatiarragoak ezartzea. «Gaur egungoak baztertzen ditugu, eskasak eta ez gizatiarrak direlako. Osasunaren aurkako erasoa dira, egoitzetako langileak ez gara robotak, pertsonak baizik. Eta egunero eraso egiten diote zaintzak jasotzen dituzten adinekoen duintasunari. Langile gehiago behar da».

LABen ustez, gatazka honek batasun sindikal «indartsu eta argia» eskatzen du, horregatik, gehiengo sindikalari gonbita egin dio diagnostikoa eta agenda mobilizatzailea partekatzeko.