Estatu frantsesak independentzia erreferenduma deitu du bihar, abenduak 12, Kaledonia Berrian, baina independentistek parte hartzeari uko egin diote, pandemia dela eta atzeratzea eskatu ondoren.
Pekinera zeharka begira dagoen Parisek ez zuen eskaera onartu. Horrela, bada, 1998an sinatu ziren Noumeako akordioei jarraituz, hirugarren galdeketa inposatu du metropolitik 17.000 kilometrotara dagoen Pazifikoko artxipelagoan.
2018ko eta 2020ko deskolonizaziorako erreferendumetan ezetza gailendu zen, baina 10.000 botoen aldearekin baino ez (%53,26a).
Soilik kanakiarrak, bertako herria, eta kaldotxearrak (jatorriz frantsesak, baina belaunalditan bertan bizi direnak) dute bozkatzeko eskubidea. Guztira 185.004 biztanle. Artxipelagoan 271.000 pertsona bizi dira baina hautesle-errolda murriztu egin zen, iritsi berriko etorkinen eragina saihesteko.
Parisen 1988an sinatu ziren Matignon-eko akordioek bi komunitateen arteko elkarrizketari bidea ireki zioten, urteetako liskarrei amaiera emanez eta tentsioa baretuz.
Hamar urte geroago, 1998an, metropoliak autonomia estatusa eskaini zion Kaledonia-Berriari, deskolonizazio prozesuaren baitan erreferendumak iragarriz.
Estatu frantsesak segurtasuna eta justizia arloak bere eskuetan mantentzen ditu, nazioarteko harremanak ahaztu gabe.
Independentzia-zaleak gero eta gehiago dira eta dagoeneko Gobernu autonomikoan agintzen dute, baita hiru probintzietatik bitan eta 33 udalerrietatik 18tan. Gainera, Kongresuan gehiengoa dute.
Hirugarren erreferenduma ahalik eta laisterren egiteko exijitu zuten alderdi independentistek atzeratzea eskatu dute azken hilabeteetan.
Joan den irailera arte Covid-aren kasu bat bera ere ez zegoen Kaledonia Berrian, baina orain gogor astindu du izurriteak, eta 280 hildako eragin ditu, gehienak kanakiarrak.
FLNKS-ek ez bozkatzeko deia
Askapen Nazionalerako Fronte Kanakiarra eta Sozialistak (FLNKS) ez bozkatzeko deia egin die jarraitzaileei. «Ohiturazko Senatuak», kanakiarren aitzinako boterea irudikatzen duena, dolu eguna egiteko dei egin die kanakiarrei eta hiritar progresistei.
Hala ere, ganberaren presidenteak, Yvon Konak, lasaitasunerako deia egin du eta «edonor aske da bozkatzeko», onartu du.
Metropoliak 2.000 polizia eta soldadu atera ditu kalera ustezko liskarren aitzakiarekin, aurreko erreferendumetan baino bi aldiz gehiago.
Guzti hori gutxi balitz, aurre-alertan dago asteburuan artxipelagoa, gerturatzen ari den depresio-tropikala dela eta.
Unionistak ziur dira «ezetzak» irabaziko duela baina beldur dira parte hartzeak behea joko duelako (%80ra eta %85ra iritsi zen aurreko galdeketatan)
Biharamunari begira
Horrela, bada, abenduaren 13ra begira daude guztiak. Outre-mer-eko ministroa, Sébastien Lecornu, dagoeneko Noumean da elkarrizketei ekiteko baina FLNKS eta abertzaleek hauteskunde presidentzial frantsesen aurretik, 2022. apirilean, berarekin biltzeko asmorik ez dutela ohartarazi dute.
Pasa den ekainean, bi aldeek hirugarren erreferendumaren ostean elkarrizketa prozesu bat zabaltzea adostu zuten, 2023. ekainaren aurretik «proiektuen erreferenduma» bultzatzeko. Baietzak irabaziko balu Estatu berriaren eraketari buruz; ezezko kasuan Errepublikaren barnean estatus berriari buruz.
Hori bai, Paris jabe da emaitzaren gainetik tentsioak jarraituko duela eta, ezetzak irabazten badu ere, ez du Kaledonia Berria NBEk deskolonizaziorako lurraldeen zerrendatik ateratzeko asmorik. Horrek independentziarako ateak zabalik mantentzen ditu.