Arnaitz Gorriti

Irribarria eta Rezusta Binakako Txapelketako lidertzarekin itzuli dira Zeanuritik (15-22)

Bikote gipuzkoarrak tarteka airean erabili dituzte Urrutikoetxea eta Aranguren, eta aurkariek beren pilota hartu dutenean ere, Urrutikoetxearen erremateen aurrean sufritzen jakin dute. Azkenean, Irribarriaren tanto ilara batek erabaki du partidako azken emaitza.

Irribarria eta Rezustak bi garaipen kateatu dituzte 48 orduren buruan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Irribarria eta Rezustak bi garaipen kateatu dituzte 48 orduren buruan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

URRUTIKOETXEA-ARANGUREN 15 - IRRIBARRIA-REZUSTA 22

48 orduren buruan bi partida jokatzeak ez diete kalte handirik egin Iker Irribarria eta Beñat Rezustari. Piloten artean gorabehera handiak izan dituen neurketa baten Aramako aurrelariak eta Bergarako atzelariak Binakako Txapelketako behin behineko lidertza eskuratu dute laugarren jardunaldiaren aurreneko partida eta gero.

«Asteazkeneko partidak faktura pasa digu. Hankaz eta nekatuta ibili gara eta Urrutikoetxea arriskutsu zegoen sartzen zenean, baina bera saihestu ahal izan dugu eta eskerrak horri», laburbildu du Iker Irribarriak.

De dela, hotz ekin diote partidari, urdinak Arangureni lana pilatu arazteko intentzio garbiarekin eta Urrutikoetxea pasatzen utzi dituen pilotetan ere arrisku sentsazioa eraginez. Arriskua, dena den, Zaratamokoak berak pairatu du, bere atzelariari ihes egindako pilotakada batek bizkarrean harrapatu baitu aurrelari bizkaitarra. Zorionez, kolpea aldea izanagatik, beste ezinik gabe jarraitu ahal izan du Urrutikoetxeak.

Alabaina, htz eta ahul ekin dio partidari Arangurenek eta Rezustak zabalduriko zuloak bikain baliatu ditu Iker Irribarriak, akordatzerako 1-6 aurreratuz bikote urdina. Ondorioz, bikote gorriak ezinbestean hutsartea eskatu behar izan du.

1-7raino luzatu dute urdinek beren ilara, gorriek eten baino lehen. Arangurenen aurreneko pilotakada bikainari erremate dizdiratsua emanez Urrutikoetxeak. Gorrientzat nahitaez, Urrutikoetxea gehiago hasi da sartzen, neurri handi baten pilota ere aldatu dutelako gorriek, frontisetik gutxiago ateratzen den pilota bat atera ostean. Arangurenek, ordea, hirugarren pilota erraz bat galdu du eskuinez, eta 4-8koarekin berriz ere beraien gustuko pilota atera dute urdinek.

Tantoak tanto eta akatsak akats, partida epeldu ahala berdindu ere egin da nolabait, eskuinaz Irribarriari behera joan zaizkion pilota pare baten ostean. Hori bai, akats horien erantzule, nolabait esatearren, Urrutikoetxea izan da, berak aldatu baitio erritmoa, tenperatura eta joera. Rezustari eskuinez pilota gora zaio Arangurenek defentsa erakustaldi polita eta gero, markagailua 8na berdinduz. Ez dute gehiago behar izan aurretik jartzeko; txokoan airez sartu baitio Zaratamoko aurrerariak bikote urdinari: Irribarria zabalean galduta eta Rezusta bigarren botea eman aurretik iritsi ezin. Hala ere, Urrutikoetxearen beraren akats bati esker lortu dute berehalakoan urdinek 9na berdintzea.

Haizearen aldaketa

Sakea eskuratzea pilota hautatzeko ia aitzakia izan da bikote boentzat. Hala, 9na berdindu ostean ostera ere Irribarria eta Rezustak beren legea ezarri dute eta aurretik jarri dira erdi lanetan, eta Aramako aurrelariaren ezker gantxo bikain bati esker 9-12 aurretik iritsi dira urdinak neurketako aurreneko atsedenaldi luzera.

Aitaren batean aldea berriz ere zabaldu dute Irribarria eta Rezustak, eta Urrutikoetxeak beste tanto bat Irribarriari buruz buruko lehian irabazi dionerako, markagailua 10-14raino luzatu da. Berriz ere, ezinbestean pilota aldatu behar gorriek, eta aurreneko ondorioa zer izango eta Irribarriaren eskuin sotamanoa Zeanuriko Udal Pilotalekuko sapaira zuzenean. Alabaina, Aramakoak zorte apur batekin eskuinez dejada ederra egiten asmatu du zabalean eta zorte onari inork ere ez diolako muzinik egiten, bikote urdinak berriz ere jokoaren ekimena eta aldea hartu ditu.

Ezker besagain zabalean tanto bikaina lortu du gainera Irribarriak, aurrez Urrutikoetxearen erremate baten aurrean bikain defendatu eta gero. Urdinen pilota lagun, Rezusta erraz nagusitu zaio Arangureni, eta honi txapara hanka egindako pilotakada baten ostean iritsi dira urdinak 18. tantoko geldialdira: 11-18 eta partida beren hirugarren garaipenera bideratuta.

Haizea alde, 11-19koa txokoan erdietsi du Irribarriak, baina hurreko errematea txapara joan zaionez, azkenaurreko aukera bat ireki zaie gorriei. Beste behin, pilota aldatu dute eta Urrutikoetxea hil ala bizi hasi da errematatzen. Aitaren egiteko denbora behar izan du aurrelari bizkaitarrak markagailua 15-19 jartzeko, baina hurrengo tantoan gaizki jo eta behera joan zaio, eta 15-20koarekin amaitu dira gorrien garaipen ametsak. Azkenaurrekoa eskuinez egindako dejada-eskapada batekin lortu du Irribarriak, eta Urrutikoetxeari kanpora ihes egin dion eskuinkada batekin amaitu da partida.

FITXA

Pilotakadak: 433. Partidaren iraupena: 56 minutu eta 30 segundu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-7, 2-7, 4-7, 4-8, 5-8, 9-8, 9-9, 9-14, 10-14, 11-14, 11-15, 11-19, 12-19, 15-19, 15-20, 15-21. Sakez: 0 Urrutikoetxeak eta 2 Irribarriak. Jokoan eginak: 7 Urrutikoetxeak eta 0 Arangurenek, 11 Irribarriak eta 0 Rezustak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak eta 4 Arangurenek, 6 Irribarriak eta 2 Rezustak. Gertaerak: Zeanuriko Udal Pilotalekuan jokatutako partida. Binakako Txapelketaren ligaxka. Aurreneko tantoan bizkarrean pilotaakada jaso du Urrutikoetxeak. Lehen sakea, urdin.