Arnaitz Gorriti

Hirukoz hiruko, IDK Euskotrenek Leganes aurkari zuzena atzean laga du (69-58)

Donostiarrek seigarren garaipena eskuratu dute, azken markagailuak dioena baino lan gogorragoa eginda izan bada ere. Aldiz, Lointek Gernika Bizkaiak ezustean 57-73 galdu du Benbibreren aurka, atsedenalditik bueltan 27-46ko partziala jaso eta gero.

Laura Corneliusen bidez IDK Euskotrenek seigarren garaipena erdietsi du. (Jon URBE / FOKU)
Laura Corneliusen bidez IDK Euskotrenek seigarren garaipena erdietsi du. (Jon URBE / FOKU)

IDK EUSKOTREN 69 - INNOVA LEGANES 58

Azken emaitzak dioena baino askoz gehiago kosta zaio larunbat arratsalde honetan IDK Euskotreni denboraldiko seigarren garaipena lortzea. Hainbat jokalariren lan bateratua behar izan du Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak aurkari madrildarra atzean lagatzeko. Ia uneoro gipuzkoarrak aurretik izan dira, baina azken minutuetara arte ezin izan du arnasarik lasai hartu.

Ordu laurden beranduago hasiagatik, arazo handirik gabe jokatu ahal izan da Josean Gascako neurketa. Leganesek, Ruffin jokalari estubatuarra azken orduan taldetik joan eta gero, zortzi jokalariz osaturiko errotazioa baino ez du izan. Hala ere, ez dio lehiari muzinik egin talde madrildarrak, nahiz eta aurrean IDK Euskotren oso fin hasi den, hirukoz hiruko markagailuan ekimena hartuz, Alex Hardenen eskutik batez ere.

Donostiarren defentsak hainbat baloi galdu arazi dizkio Leganesi, eta hala, talde madrildarra Cecilia Muhate pibot gaztearen lanari eskermantendu behar izan da. Aurreneko laurdena 18-13 amaitu da etxekoen alde, eta hori Muhatek zazpi puntu sartu dituela kanpokoen artean.

Yurena Diaz eta Maria España kanariarrek IDK Euskotreni indar berriak eman dizkie bigarren laurdenaren hasieran. Hala, aipatu Maria Españak berak bere hirugarren hirukoa gauzatu ostean, Leganesko entrenatzaileak jokoa geratu egin behar izan du, 30-19 aurreratu baita talde gipuzkoarra, hegaleko kanariarrak 11 puntu pilatu dituela ordurako. Ane Esnalharrobiko jokalariak, berriz, baloia ohostu eta 32-19koa ezarri du markagailuan, atsedenaldira iritsi baino hiru minutu lehenago.

Alabaina, donostiarren iturria agortu egin da azken hiru minutu horietan eta Leganesek, nahiz eta hirukorik ezin sartu, 0-8ko partziala lortu du. Atsedenaldira bidean Yurena Diaz antolatzaileak bi jaurtiketa libre saskiratu ditu eta gaitzerdi, Madrilgo taldea 34-29raino hurbildu baita aldageletara bidean.

Hurrengo 20 minutuetan bi izen propio bereizi dira besteren gainetik: Laura Cornelius etxekoen aldetik eta Imani Tate Leganesi dagokionez.

Alperrik egin dute hanka Azu Muguruzarenek markagailuan, 48-37, Imani Tate eta Okonworen artean 1-11ko partziala lortu baitu kanpoko taldeak eta Josean Gascako ikusleei egundoko estuasuna jarri ere bai: 49-48 hirugarren laurdenaren amaieran.

Donostiarren zorionerako, hirukoetan bat bera asmatu ezinik jarraitu du Leganesek –18tik 1 sartu du–eta IDK Euskotrenekaurkariaren gabezia horri txinpartak ayera dizkio. Hasteko Laura Corneliusen bidez, Herbehereetaako antolatzaileak bere 15 puntuak atsedenaldiaz geroztik gauzatu baititu, tartean hiru hiruko jaurtiketa.

Hala ere, partidari Alex Hardenek eman dio azken kolpea. Hasteko hirukoa 61-52 IDK Euskotrenek arnasa hartzeko, eta azken minutuan, saskiratze erraza kontraerasoan Marta Hermida antolatzaileari baloia ohostu eta gero.

Garaipen honekin Top 8an leku erosoagoa egin du Azu Muguruzaren taldeak. Oraindik Kopara sailkatzeko falta zaio, baina aurkari zuzen bat atzean laga ostean, betebeharra askoz samurragoa da.

LOINTEK GERNIKA BIZKMAIA 57 - BENBIBRE 73

Gironaren aurka egundoko balentria egin eta gero, Çukurova talde turkiar ahalguztidunaren aurka Eurocupean jokatu bezperan, kale egin du Lointek Gernika Bizkaiak. Benbibre 3-8ko balantzearekin azaldu da Maloste kiroldegian, eta inork baino gehiago merezita irabazi du.

Ohi baino defentsa maila eskasagoa erakutsi du Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak, eta horren aurrean Bierzoko taldeak denboraldi honetan egundo jokatu duen partidarik borobilena burutu du, batez ere bigarren erdian. Atsedenaldira markagailua 30-27 dela iritsi baldin bada, hurrengo 20 minutuetako partziala ikustekoa izan da: 27-46.

Erdi lo kantxaratu dira Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariak hirugarren laurden horretan eta akordatzerako 0-10eko partziala jaso dute, 30-37, hirukoz hiruko eta errebotea Bierzokoek kontrolpean hartuta. Horren aurrean Margaret Roundtreeren kalitatea izan da gernikarren erantzun bakarra, ohiko talde jokoa ez baitu larunbat honetan atera.

42-46 iritsi da, dena dela, neurketa azken laurdenera eta norbaitek esan zezakeen etxekoek azeleragailua sakatuko zutela partida irabazteko. Sakatu baldin badute, eta Itziar Ariztimuño zein Melisa Brcaninovic gogotik saiatu dira, ez da nahikoa izan, Benbibre hirukoetan oso argi ibili baita. Tina Jakovina eta Laura Mendez batik bat, eta ezin markagailua iraulita, besoak jaitsi ditu Lointek Gernika Bizkaiak, asteazkeneko Emakumeen Eurocupeko partida gogoan.

Zortzi onenen artean jarraitzen dute bizkaitarrek, baina serieburu izateko aukera galtzen hasi dira ezusteko porrot honen ostean.

Herrenen arteko esprinta

Perfumerias Avenidaren aurka 44-92 galtzea uste baino kolpe latzagoa izan zen Kutxabank Araskirentzat, harrezkero jokatu dituen bi neurketetan ikusi denari so eginez gero bederen. Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako derbia 69-47 galdu zuten gasteiztarrek, hain zuzen Maria Asurmendi berreskuratu zuten egunean, eta pasa den asteburuan, aldiz, Izaskun Garcia Urlezaga antolatzaile muxikarrak kale egin zuen giharretako lesio baten erruz eta 56-93 galdu zuten Madelen Urietarenek Estudiantesen aurka.

Ez da, ez, tenorerik egokiena igande arratsaldean, 18.50etatik aurrera, Zaragozaren aurka etxetik kanpo jokatzeko. Alabaina, Zaragoza bera ere ez dago dantza eta barre egiteko. «FIBA Lehioen» etenaren bezperan Lointek Gernika Bizkaiari azken segunduan irabazi ziotenetik hona jokatu dituen lau neurketak galdu ditu Aragoiko taldeak.

Ondorioz, biak ala biak Top 8tik at daude uneotan, 5-6nako balantzearekin berdinduta. Txirrindularitzako argotean esan ohi den moduan, «bi herrenen arteko esprinta» izango dela dirudi.

Baina Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia amaitzeko lau partida baino falta ez direlarik, biek aukera berbera dute beren bolada petralari buelta eman eta berriz ere zortzi onenen artean sartzeko. Hasteko eta bat, igande gauen bietako batek arratxa txarra atzean lagako du.

Gasteiztarrak izan daitezen bolada makur hori hautsiko dutenak, azken asteetan baino kontzetrazio handiagoa erakutsi beharko dute. Urrunago joan gabe, Estudiantesen aurka 8-25 galdu zuten arabarrek aurreneko laurdena eta handik aurrera ez ziren kapaz izan egoerari buelta emateko.

Izaskun Garcia gabe, Maria Asurmendi izan zen Madelen Urietarenen antolatzaile bakarra eta Bea Sanchez, Katja Zec edo Julia Gladkova lakoen egun onik ezean, jai dago Emakumeen Ligako «klase ertaineko» aurkarien kontra.

Hori guztia inork esan gabe ere ederki dakite Kutxabank Araskiko entrenatzaile eta jokalariek, baina Zaragozaren aurka, aurkariaren bolada txarra gorabehera, ezingo zaio gutxiago eskatu talde gasteiztarrari. Hempe, Delaere edo Vega Gimeno noiznahi esnatu litezke lozorrotik eta hala gertatzen bada domekan, Leia Dongue eta Tamara Sedaren gaitasun fisikoa beste behin labur geratuko da.

Gainera, Kutxabank Araskik lehenengo itzuliaren amaiera aldera izango duen aurkarietako bat Valentzia Basket izango da. Ondorioz, partida hura galdutzat jo beharrik gabe, emaitzarik onenak beste hiruretan bermatu behar ditu talde gasteiztarrak –Zaragoza eta Lugoko Ensino kanpoan, Ferrol Mendizorrotzan– Koparako bidea ireki diezaioketen garaipenak.